Gizartea -
Itzulera operazioa
Auto asko pilatu dira errepidean, 'itzulera operazioa' dela eta
AP-8an Biriatuko ordainlekuan 14 kilometrora arteko auto ilarak sortu dira, oporrak igarota Europa hegoaldetik iparraldera doazen bidaiarien joan-etorria dela eta.
Erredakzioa
Ostegun honetan auto ilara luzeak sortu dira Euskal Herriko errepideetan, AP-8 autobidean Biriatun eta Zarautzen, eta Araban, A-1 errepideak N-622 errepidearekin bat egiten duen tokian.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, eguerdian hasi dira auto ilarak AP-8an, Biriatun, Iparralderako noranzkoan. Egunak aurrera egin ahala, autoen joan-etorria areagotu egin da eta 14 kilometro arteko auto ilarak ere sortu dira. Gauerdia iritsi baino minutu batzuk lehenago amaitu dira auto pilaketak puntu horretan.
Bestalde, Zarauzko ordainlekuan ere auto-ilarak sortu dira, baina gehienez jota 3 kilometrokoak izan dira.
Gasteizen, A-1 eta N-622 errepideek bat egiten duten tokian ere bederatzi kilometro arteko auto ilarak sortu dira. Goizean goizetik izan dira arazoak puntu horretan eta 13:30ean auto ilarak 9 kilometrokoak ziren. Arratsaldean ere autoen joan-etorria handia izan bada ere, ilarak gutxituz joan dira.