Gizartea -
Epaiketa
Auzitegiak astelehenean emango du Ziburuko ikastolaren inguruko epaia
Gaur izan da epaiketa Paueko Administrazio Auzitegian. Ziburuko auzapezak ikasleak toki publikoan daudela eta alde egin behar dutela argudiatu du.
Erredakzioa
Paueko Administrazio Auzitegiak astelehenean jakinaraziko du Ziburuko ikastolaren inguruan hartuko duen erabakia.
Gaur goizean izan da epaiketa, Guy Poulou Ziburuko auzapezak Kaskarotenea ikastola auzitara eraman zuen, ikasleak toki publikoan daudela eta handik alde egin behar dutela esanez. Gainera, Donibane Lohizuneko ikastolan badutela lekua esan die Poulouk.
Seaskak herri bakoitzak ikastola bat behar duela azpimarratu du, baita auzapezak tokia izango zutela hitz eman ziela ere. Asteleheneko erabakia edozein dela ere, Seaskak ziurtatu du asteartean ikasturtea han hasiko dutela.
Duela bi urte, lanak zirela eta, eskolako eremuan zegoen eraikin prefabrikatu batean sartu zuten Kaskarotenea ikastola, Ziburuko auzapezak berak proposatuta.
Akordioa, baina, uztailaren 5ean amaitu zen, eta ikasleei alde egiteko eskatu zien Poulouk. Ezezkoa jasota, ikastola auzitara eraman zuen, eta abuztuaren 12an Baionako auzitegian ikusi zuten salaketa. Epaileak, ordea, ez zela bere eskumeneko gaia erabaki zuen, eta Paueko auzitegira jo zuen auzapezak.