Gizartea -
Zirkulazioa
Euskal errepideetan hildakoen kopurua erdira jaitsi da aurten
Istripuetan hildakoen kopuruak % 52 egin du behera. 2013ko lehenengo zortzi hilabeteetan 31 pertsona hil ziren errepideetan; aurten, ordea, 16. Auto-istripu kopurua ere, orokorrean, jaitsi egin da.
Erredakzioa
Euskadin 2014ko lehen zortzi hilabeteetan zirkulazioko istripuetan hildako pertsonen kopurua % 52 murriztu da, iazko epe bereko datuekin alderatuta. Urtarrilaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean 16 pertsona hil dira aurten EAEko errepideetan, eta 31 hil ziren iaz epe horretan. Udan ere joera mantendu egin da, uztailaren 1etik abuztuaren 31ra arte iazko udan baino bost pertsona gutxiago hil baitira.
Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak eta Garbiñe Saez Molinuevo Trafikoko zuzendariak zabaldu dituzte datuak gaur, astelehena, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan.
Sailburuak esan duenez, 2014ko urtarrilaren 1etik abuztuaren 31ra arte zirkulazioko 4.949 istripu izan dira EAEn, eta 1.415 istriputan petsonaren bat hil da.
Istripu horietan 16 lagun hil dira, 249 larri zauritu dira eta 1.783k zauri arinak egin dituzte. Datu horiek iazko datuekin alderatuz gero, jaitsiera nabarmena egon da; izan ere, 2013ko aldi berean 31 pertsona hil ziren, 285 pertsonak zauri larriak egin zituzten, eta 1.932k, arinak. Errepideetan izandako istripuen kopuruak ere behera egin du, iaz baino 468 gutxiago egon baitira (5.417 izan ziren 2013ko epe berean).
Euskal Autonomia Erkidegoko datuak lurraldez lurralde aztertuta, iaz baino pertsona gutxiago hil dira aurten. Hildakoen kopuru handiena Bizkaian izan da (bederatzi pertsona lurralde historiko horretan hil dira, baina iaz baino hiru gutxiago dira), jaitsiera nabarmenena Gipuzkoan izan da (iaz 13 pertsona hil ziren eta bost hil dira aurten) eta Araban bi pertsona hil dira (2013an baino lau gutxiago, alegia).
Hildakoen tipologiari dagokionez, hamar gidariak ziren (bat bizikletan zihoan; bost, motorrean, eta lau, autoz), bost oinezkoak ziren eta azkena bidaiaria zen. Iazko aldi berean baino sei oinezko gutxiago hil dira aurten.
Bestalde, Nafarroan lau pertsona hil dira aurten abuztuan, iazko kopuru bera. Guztira, 26 pertsonek galdu dute bizia 2014an, iazko lehen zortzi hilabeteetan baino bik gehiagok.
26 hildakoetatik bost txirrindulariak dira, historia osoan izandako kopururik handiena. Generoari dagokionez, hildakoen % 88 gizonezkoak ziren eta ia erdiak (% 46) 45-64 urte zituzten.
Aurten, momentura arte, 2.167 istripu izan dira guztira Nafarroan, iazko kopuru berdina. Hildako kopurua % 8,33 hazi den arren, larri zauritutako kopuruak (45 pertsona) behera egin du % 37,5. Bestalde, arin zauritutakoak (354 lagun) % 12,74 igo dira.