Gizartea -
Ezbeharra Nafarroan
Bi pertsona hil dira Berriozarren merkantzia-tren batek zapalduta
Adineko emakumezko bat eta gizonezko bat dira hildakoak. Hipotesi guztien arabera gidariaren oker batek edo galgen akats batek eragin du istripua.
Erredakzioa
Adineko bi pertsona hil dira Berriozarren, (Nafarroa) merkantzia-tren batek tren pasabidea igarotzen ari zen autoa aurretik eraman duenean.
Istripua arratsaldeko 16:33an gertatu da. Irurtzun aldera zihoan autoa ez da gorriz zegoen semaforoaren parean gelditu, langaren kontra jo eta hau lurrera bota du. Trenbidean sartu eta hutsik zihoan merkantzia-tren batek bete betean zapaldu du.
Tren-gidariak ezin izan du sahiestu eta autoaren barruan zihoazen bi pertsonak, gizonezko bat eta emazkumezko bat, han bertan hil dira, foru Gobernuak jakitera eman duenez.
Luiz Zarraluqui Nafarroako Gobernuko Sustapen kontseilaria ezbeharra gertatu den tokira hurbildu da eta trenbide-pasagunearen sistemak ondo funtzionatu duela baieztatu du.
Nafarroako emergentzia Agentziak Iruñeako suhiltzaileak bidali ditu ezbeharraren gunera. Hipotesi guztien arabera gidariaren oker batek edo galgen akats batek eragin du istripua.
Gorpuak Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dituzte, bertan autopsia egiteko.
Trena arratsaldeko 20:00ak arte ezbeharra izan den tokian egon da eta, ondorioz, N-240-Atik Berriozarrera sarrera itxita egon da.
Ezbeharrak Nafarroako tren zerbitzuan ere eragina izan du. Iruñea eta Zuasti arteko trenak ez dira ibili, eta bidaiariak autobusetan eraman dituzte. Iruñea Madril eta Bartzelonarekin lotzen dituen tren zerbitzuak, ordea, ez du eraginik izan.