Gizartea -
Zirkulazio istripua
53 urteko gizonezko bat hil da Elgoibarren, auto batek harrapatuta
Markinara bidean zihoan automobil batek petrilean eserita zegoen gizonezko bat aurretik eraman du.
Erredakzioa
Gizonezko bat hil da larunbat honetan Elgoibarren, auto batek harrapatuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Hildakoa 53 urteko elgoibartarra da.
Ezbeharra 20:55ean gertatu da GI-2636 errepidean, Elgoibar parean. Antza denez, Markinara bidean zihoan auto batek, San Miguel auzoan, errepidearen ondoko petrilean eserita zegoen gizonezko bat aurretik eraman du.
Istripuaren berri izan bezain laster, Larrialdi Zerbitzuetako kideak eta suhiltzaileak ezbeharraren tokira gerturatu dira. Gizonezkoa autoaren azpian harrapatuta gelditu da, eta zaurien larritasunaren eraginez tokian bertan hil da.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du istripuaren nondik norakoak aztertzeko. Hildakoaren gorpua Donostiako Auzitegi Institutu Anatomikora eraman dute.