Gizartea -

Gertakaria

Alabak autoan utzi eta tragoak hartzera joan dira Gasteizen

Gertakariak Zaramaga auzoan jazo ziren iragan larunbatean. Adingabeek abisua eman zuten auto barruan utzitako mugikor bat erabiliz.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sei urtez beherako alaba adingabeak autoan giltzapeturik utzi eta tragoxkak hartzera joan ziren bi emakume inputatu dituzte Gasteizen. Gainera, horietako bat atxilotu zuten udaltzain bati eraso egiteagatik. Antza denez, bi emakumeak mozkorturik zeuden.

Gertakariak iragan larunbatean 23:00ak aldera jazo ziren, Zaramaga auzoan. Adingabeek beraiek abisua eman zuten ama batek auto barruan utzitako mugikor bat erabiliz, Udaleko iturriek jakitera eman dutenez.

Amak autora itzultzen ez zirela ikusita larrialdi zerbitzuei deitzea erabaki zuten adingabeek. Autoan itxaroten ordu erdi eman zutela uste dute haurrek.

Bien bitartean, emakumeak autoa bilatzen ari ziren; izan ere, non aparkatu zuten ezin zuten gogoratu. Bi emakumeen urduritasuna ikusita auzoko bizilagunak laguntzen saiatu ziren.

Mozkor

Udaltzaingoak emakumeak aurkitu eta elkarrizketatu zituen. Mozkorturik zeudela ematen zuen eta alabak auto batean utzi zituztela azaldu zieten udaltzainei.

Udaltzaingoak autoa bilatzeari ekin zion eta ibilgailua itxita topatu zuen. Hala ere, bi adingabeak ondo zeuden.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Gasteiz berriak Umeak Zaramaga auzoa