Gizartea -
Gertakizuna
Neskato bat ustez bahitzen saiatu izana ikertzen ari dira, Berrobin
Adingabeak ihes egitea lortu du, eta bahitzaileek Nissan zuri batean alde egin dute.
Erredakzioa
Bi gizon 9 urteko neskato bat bahitzen saiatu ziren asteazkenean Berrobin (Gipuzkoa), gurasoek atzo arratsaldean salatu zutenez. Adingabeak ihes egitea lortu zuen, eta bahitzaileek Nissan zuri batean alde egin zuten.
Neskatoaren bertsioaren arabera (horixe da oraingoz kasua aztertzeko dagoen zantzu bakarra), parke batean jolasten ari zen, ikastetxe batetik gertu. Auto batean zeuden bi gizonezko gaztek neskatoa erakartzea lortu zuten, txakur zuri eta gris bat erabilita.
Adingabeak zebrabidea gurutzatu zuenean, besotik heldu zioten eta autoan indarrez sartzen saiatu ziren, baina neskatoak aurre egin zien. Orduan bi gizonak ibilgailutik jaitsi ziren, eta auto barruan sartzen ahalegindu ziren. Une horretan, baina, neskak kosk egin zien, eta lagun baten etxera ihes egitea lortu zuen. Bahitzaileek alde egin zuten, 12 zenbakiaz hasten zen matrikulako Berlina motako Nissan zuri batean.
Pertsona heldu batek handik gutxira aurkitu zuen neska, bere onetik aterata, eta gertatutakoa kontatu zion.
Bi susmagarriak 20-25 urte artekoak dira. Horietako batek ile laburra du, eta elastiko zuria, bakeroak eta zapatila laranjak zeramatzan. Besteak ile luzeagoa du, eta alkandora urdina eta praka beltzak zeramatzan.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du, Segurtasun Sailetik baieztatu dutenez.