Gizartea -
Proben emaitzak
Donostia Ospitalean dagoen gaixoak ez dauka ebola
Osasun Sailak jakitera eman duenez, malaria gaitza du eta dagoeneko tratamendua jarri diote.
Erredakzioa
Ebolaren birusaz kutsatuta egon zitekeelakoan Donostia Ospitalean zegoen nigeriar jatorriko emakumeak ez du ebola gaixotasuna, Osasun Sailak jakitera eman duenez.
Gasteizen bizi den emakumea orain dela 15 egun itzuli zen Nigeriatik Arabako hiriburura eta azken egunetan sukar arina izan du. Atzo kalentura handia zuela eta, Txagorritxu Ospitaleko Larrialdietako Zerbitzura jo zuen.
Han, emakumea aztertu, eta ebolarenak izan zitezkeen sintomak zituela ikusita, Donostiako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten. Azken orduetan kasu hauetan egiten diren probak egin dizkiote emakumeari.
Osasun Sailak adierazi duenez, mediku azterketek agertu dute ez duela ebola gaitza. Lagin gehiago bidali dituzte orain Madrileko Carlos III.a Institutura, eta datozen orduetan Donostiako datuak ziurtatzea espero da.
Egin dioten osasun azterketak malaria gaitza daukala baieztatu du, eta dagoeneko gaixotasun horretarako tratamendua jarri diote.
Osasun Sailaren oharrak dionez, “gaixoa egonkor dago, ez du sukarrik eta bere egoera ona da”. Hala ere, bakartuta jarraituko du.