Gizartea -
Artanda mendian
Makina batek matxura izan du eta sute bat piztu da Zaratamon
Sutea Artanda mendiko mazelan piztu da eta horrek itzaltzeko lanak zaildu ditu. Suhiltzaileek lau ordu baino gehiago behar izan dituzte sua kontrolatu eta itzaltzeko.
Erredakzioa
Errepideak asfaltatzeko makina batek matxura izan du eta sute handi bat piztu da arratsaldean, Zaratamon (Bizkaia). Dagoeneko sua itzali dute. Sutea Artanda mendiko hegal batean piztu da.
Ertzaintzako bozeramaile batek jakitera eman duenez, suak sei hektarea baso kiskali ditu. Sutea 16:10 aldera piztu da errepideak asfaltatzeko makina batean, Burbustu auzoan.
Sugarrek inguruko sastrakak piztu dituzte eta sutea oso azkar mendiko mazelan zabaldu da. Hala ere, ez da inor zauritu eta ez dute etxerik hustu behar izan.
Sutea mendiko mazelan piztu da eta horrek itzaltzeko lanak zaildu ditu. Suhiltzaileek lau ordu baino gehiago behar izan dituzte sua kontrolatu eta itzaltzeko.
Sugarrak eta kea Basauritik eta beste herri batzuetatik ikusi ahal izan dituzte.