Gizartea -

Ezbehar larria Gipuzkoan

Motorzale bat errepidetik atera eta hil da Donostian

Biktima 55 urteko donostiarra da, gizonezkoa. Istripua GI-20 errepidean jazo da, Polloe parean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

55 urteko motor gidari donostiar bat hil da bart GI-20 errepidean, Donostia parean, Segurtasun Sailak zabaldu duenez.

Ezbeharra 22:00ak aldera jazo da. Motorra errepidetik atera da Donostiako saihesbidetik zihoala, Polloe parean, GI-20 errepidean.

Motorreko gidaria, Donostiako 55 urteko gizonezkoa, istripuan egindako zaurien ondorioz hil da. Larrialdi Zerbitzuak istripuaren lekura bertaratu dira, baina heriotza baieztatu, ezin izan dute besterik egin.

Bilborako noranzkoan eskuineko erreia itxi behar izan dute, eta Ertzaintza ibilgailuen zirkulazioa kontrolatzen aritu da. Gauerdirako errepidea garbi eta zabalik zegoen.

Biktimaren gorpua Donostiako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute, epaileak hala aginduta. Bestalde, Ertzaintzak ikerketa abiarazi du ezbeharraren nondik norakoak argitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko istripuak Bizkaian Donostia argazkiak