Gizartea -
Bizkaia
Gizon bat atxilotuta bi neskari sexu-abusuak egiteagatik Urdulizen
Bi adingaberi sexu-gehiegikeriak birritan egitea leporatu diote atxilotutako gizonezkoari; gainera, dirua eskaini zien, sexuaren truke.
Erredakzioa
Ertzaintzak 44 urteko gizonezko bat atxilotu du bi neskatori sexu-abusuak egitea eta adingabeak galbideratzea egotzita; gainera, dirua eskaini zien Urdulizen (Bizkaia) zuzentzen duen tabernako komunetan sexu-harremanak izatearen truke.
Segurtasun Sailak ohar baten bidez ezagutarazi duenez, atxilotuak ukituak egin zizkien bi adingabeei zenbait alditan.
Gehiegikeriak komunaren barruan jazo ziren, eta tabernaren jabea barraren bestaldetik, hau da, barrutik, sartzen zen zuzenean komunetara.
Neskato bietako baten aitak WhatsAppeko zenbait mezu susmagarri ikusi ostean, biktimak gertatutakoa kontatu zion aitari, eta, ondoren, salaketa jarri zuten.
Gizona epailearen esku utzi dute goizean. Atxilotua aske utzi du epaileak, baina adingabeengandik 500 metrora urruntzeko agindua ezarri dio. Era berean, hilabete bakoitzeko 1ean eta 15ean sinatu beharko du epaitegietan.