Gizartea -

Gatika

Butroeko gaztelua enkantean jarri dute Interneten

3,5 milioi euro da hasierako prezioa. Gaur hasi eta urriaren 21ean amaituko da enkantea. Bizkaiko eraikin preziatuenetako bat da Butroeko gaztelua.

Butroiko Gaztela, Gatika
Butroiko Gaztela, Gatika
Butroeko gaztelua enkantean jarri dute

1:05

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Butroeko gaztelua (Gatika) enkantean jarri dute gaur Interneten. BNP Paribas Real Estate higiezinen agentziak egingo du enkantea, gaurtik urriaren 21era arte. 3,5 milioi eurokoa da hasierako prezioa, eta diru gehien eskaintzen duenak eskuratuko du gaztelua.

Bizkaiko ikur preziatuenetako bat da Butroeko gaztelua, eta historiako ondaretzat jasota dago. Eraikinak 2.400 metro karratu ditu, eta gaztelua inguratzen duen lursailak, berriz, 35.000 metro karratuko azalera.

Eraikin erromantiko honen garrantzi historikoa eta arkitektura berezia inbertitzaile partikularrentzat erakargarriak izan daitezkeela iritzita atera dute enkantera gaztelua. INBISA Taldea da gazteluaren jabea.

Erdi Aroko gaztelua da, Butroe familiak eraikitakoa, eta XIX. mende amaiera aldera Francisco Cubas y Gonzalez-Montes markesak berritu zuen. Eraikina ez ezik, gazteluaren inguruko zuhaiztia ere berezia da oso: 70 zuhaitz mota baino gehiago daude, bertakoak eta exotikoak.

Eraikinak bost solairu eta lau dorre ditu. Barruan, besteak beste, gonbidatuak hartzeko gune zabal bat, antzinako kapera bat, armen patioa, ur-putzu naturala, liburutegia, ziega, upategia eta elikagai-biltegia ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea