Gizartea -

Polemika

Toni Nadalek kritikatu egin du Daviserako kapitaina emakumea izatea

Rafa Nadalen entrenatzaileak azaldu duenez, ez dago emakume batek taldea zuzentzearen kontra, baina zailtasunak aurreikusi ditu "aldagela barruan arropa gutxirekin horrenbeste denbora igarota".

Gala Leon tenis jokalari ohia. Argazkia: Efe
Gala Leon tenis jokalari ohia.
Gala Leon tenis jokalari ohia. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Escañuela Espainiako Tenis Federazioko presidenteak gizonezkoen Davis Koparako kapitain gisa Gala Leon izendatu izanak hautsak harrotu ditu tenis jokalarien eta entrenatzaileen artean.

Toni Nadal, Rafa Nadalen entrenatzaile eta osaba, harrituta agertu da. "Uste dut ez dituela jokalariak oso ondo ezagutzen, Rafa uste dut ez duela ezagutu ere egiten, eta gainerako jokalariekin berdina gertatzen dela pentsatzen dut", adierazi zuen munduko bigarren jokalari onenaren entrenatzaileak, orain arte kapitainak gizonezkoak izan direla nabarmendu aurretik.

"Zailtasun logistikoa da, gaindiezina, Davis Kopako taldeetako kideek horrenbeste denbora igarotzen dutenean aldagelan, arropa gutxirekin. Ez dakit, emakume bat hor zehar ibiltzea arraroa da, nahiz eta hurrengo egunean bere lana ederki egin", gaineratu du Toni Nadalek RNE irrati katean.

"Normalean, Davis Koparako kapitain kargua merituen sari bat zen, Espainiako tenisaren barruan garrantzia handia izandako jokalarientzat, Carlos Moya, Albert Costa, Corretja edo Emilio Sanchez Vicario tenislarientzat esaterako, gizonezkoen zirkuituan esperientzia handia zutelako, jokalarien lagunak zirelako, gizonezkoen tenisa ondo ezagutzen zutelako, eta kasu honetan zaila da hori gertatzea", azpimarratu du Toni Nadalek.

Rafa Nadal ilobak, berriz, "erabakia errespetuz" hartu beharra dagoela adierazi du.

Fernando Verdasco tenis jokalariarentzat Gala Leonek lan gogorra izango du, "taldea Bigarren Mailara jaitsi baita".

Toni Nadalen ildotik, aldagelan emakume bat egoteak arazoak sortuko dituela iritzi dio Verdascok: "Ez da bere kontra joateagatik, baina ahal den neurrian, gizonezko batek izan beharko luke kapitain".

Alberto Berasategui tenis jokalari bizkaitarrarentzat "azkarregi" hartu dute erabaki "harrigarri" hori. "Aukerak aztertu eta onena hautatuko zuten, baina denbora gehiago zegoen, gutxienez jokalariekin, jokalari ohiekin eta entrenatzaileekin hitz egiteko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea