Gizartea -

Menpeko ekarpenak

Caixa Galiciak 127.200 euro itzuli behar dizkio bikote bizkaitar bati

Epaiaren arabera, ekarpenak "gordailu ona" zirela esan zion banketxeak bikoteari eta ez zion informazio "argi, zehatz eta nahikoa" eskaini.

Caixa Galiciako ekarpenen kaltedunak, manifestazio batean.
Caixa Galiciako ekarpenen kaltedunak.
Caixa Galiciako ekarpenen kaltedunak, manifestazio batean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko lehen auzialdiko epaitegi batek NCG banketxea –Caixa Galicia zena– zigortu du eta bikote bizkaitar bati banketxe honen menpeko ekarpenetan gastatutako dirua itzuli beharko dio; hots, 127.200 euro.

Gaur ezagutarazi den epaiak bikote bizkaitar honi 2003an egindako salerosketa jasotzen du. Epe finkoko gordailu bat amaitzean, Caixa Galiciako ekarpenak erosteko aukera eman zioten bikoteari eta "gordailu ona" zirela esan zioten.

Bikoteak oinarrizko ikasketak zituen; gizona gidaria zen eta emakumea, garbitzailea. Banketxeak epaiketan argudiatu zuenez, bikotea ez zen batere kontserbadorea eta inbertsioaren arriskuez ohartarazi zuten.

Dena dela, Caixa Galiciako bi langilek epaiketan onartu zutenez, ez zekiten saldutako produktuaren arrisku eta ezaugarriak azaltzen. Beharginetako batek aitortu zuenez, ez zuten ekarpenen inguruko inongo ikastarorik jaso. "Askok ez genekien zer ziren ere; hala ere, saldu saltzen genituen, gordailu ona zirela esanez", agertu zuen Caixa Galiciako langileak.

Epaian jasotzen denez, bikoteari ez zioten informazio "argi, zehatz eta nahikoa" eskaini eta "ez zioten azaldu erositako produktua bereziki konplexua eta biziartekoa zela eta errentagarritasun zalantzazkoa zuela. Idatzizko informazioa ere ez zioten helarazi".

Hori horrela, epaitegiak menpeko ekarpenen bi kontratuak baliogabe jo ditu eta 127.200 euro eta kopuru horri dagozkion interesak itzultzera zigortu du banketxea.

Epaia ez da irmoa, eta horren kontrako errekurtsoa aurkezteko aukera dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea