Gizartea -
Enpresarien Bilgunea
Oriol: 'Nahiago dut haurrik izango ez duten emakumeak kontratatu'
Monica Oriol Enpresaburuen Bilguneko presidentea eta enpresaria da, haurrak izaten dituzten emakumeek jasotzen duten lege babesa izan du hizpide.
Erredakzioa
Monica Oriol Enpresaburuen Bilguneko presidente eta enpresariak adierazi duenez, “legeak ama langileei ematen dien babesa dela eta, nahiago dut 45 urtetik gorako edo 25 urtetik beherako emakumeak kontratatu”.
“Emakume bat haurdun geratzen bada, eta haurra izan eta hurrengo hamaika urteetan ezin baldin badaiteke kaleratu, nor kontratatuko du enpresariak”, galdegin du Bilguneko presidenteak, jardunaldi murriztua eskatzen duten emakumeak gogoan hartuta.
“Nahiago dut 45 urte baino gehiago dituen emakume bat, edo 25 baino gutxiago dituena. Zer egingo dugu arazoarekin?”, galdetu du. “Emakumeari ematen zaion babesak enpresaren interesetatik aldentzen du emakumea, eta eguneroko esfortzutik urrundu, motibazioan eragin handiena duen puntu batetik”, gaineratu du. “Giza Baliabideen Sailak lehenago aukeratuko luke gizonezko bat emakumezko bat baino”, ziurtatu du.
Goi karguak dituzten emakumeak ere izan ditu hizpide Monica Oriolek. Enpresaburuen Bilguneko presidentearen arabera, “emakumeak kargu horietara heltzeko ez dira legeak behar, sakrifizioak baizik”.
“35 urteko emakume bati etxera gauez berandu itzuli behar duela eta etengabe bidaiatu behar duela esaten diozunean, ezetz dio. Zuzendaritzako postuetara heltzea ez da kuotak edo legeak eginez lortzen, emakumeek horrelako postu batek sakrifizioak dituela jakinda baizik”, esan du. “Hobe da emakume zuzendari bat funtzionario batekin edo haurrak asko gustatzen zaizkion gizon batekin ezkontzen bada”, gaineratu du.
Hego Amerikako Enpresaritza Kontseiluak antolatutako XXV. Batzarrean egin ditu adierazpen horiek Monica Oriolek. “Erregulazioek, emakumea babestu beharrean, kondenatu egiten dute”, erantsi du, eta emakumeak eguneroko ekoizpenarekin lotzearen alde agertu da.