Gizartea -

Kalamua

Eusko Legebiltzarra kalamu elkarteak arautzearen alde agertu da

EAJ, EH Bildu eta PSE-EE alderdiek arlo judizialean pausoak ematea defendatu dute, harik eta kalamu elkarteen izaera ez gatazkatsua izatea lortu arte.

Eusko Legebiltzarra, Kalamu elkarteak arautzearen alde. Argazkia: EiTB
Eusko Legebiltzarra, Kalamu elkarteak arautzearen alde. Argazkia: EiTB
Cannabis elkarte sozialen jarduera erregulatuko da Euskadin

1:09

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Menpekotasunen euskal legean kalamu elkarteen jarduera arautzeko eta elkartekide diren horien kontsumo kolektiborako hazkuntzari babes legala emateko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari.

Gaia jorratzeko Eusko Legebiltzarrean sortutako lantaldea bi urtez aritu da lanean kalamu elkarteak arautzeko neurriak aztertzeko. Bi urteko lanaren ostean, hainbat gomendio onartu dituzte. Gomendio horiei esker "Euskadi lokal horien erregularizazioaren buruan jarriko da", EAJren arabera.

Alderdi Popularrak ez ditu lantaldeak onartutako gomendio eta ondorio gehienak babestu, Euskal Autonomia Erkidegoak horretarako eskumenik ez duela eta Eusko Legebiltzarrak kalamu elkarteei konponbide legalik eman ezin diela argudiatuta.

Bestalde, EAJ, EH Bildu eta PSE-EE alderdiek arlo judizialean pausoak ematea defendatu dute, eta elkarte horiei "segurtasun juridikoa eta bermeak emango dizkien sistema propioa lortzeko bidean aurrerapausoak ematea" eskatu die Eusko Jaurlaritzari. Halaber, aipaturiko jarduerari konponbidea emateko arauak garatzea eskatzen dute.

Araudirik ez dagoen bitartean, Euskadiko kalamu elkarteek autoerregulaziorako mekanismo propioak ezarri beharko lituzketela uste dute aipaturiko hiru alderdiek.

Azkenik, kalamuaren erabilera terapeutikoak elkarte horietatik kanpo uztea eskatuko dute, izan ere, azken urteetan geroz eta ugariagoak dira.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Legebiltzarra albisteak