Gizartea -

Ebola

Romerok larri baina egonkor jarraitzen duela esan du batzorde bereziak

Bestalde, ebolaz kutsatuta egon zitekeelakoan Carlos III.a ospitalean zegoen erizain bat etxera bidali dute.

Teresa Romero erizainaren egoerak ez du okerrera egin azken orduetan

1:08

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ebola gaixotasuna kudeatzeko Espainian sortutako batzorde bereziak jakinarazi duenez, Teresa Romero erizain laguntzaileak "egonkor baina larri" jarraitzen du, eta ez du "aldaketa esanguratsurik" izan. Bestalde, ebolaz kutsatuta egon zitekeelakoan Carlos III.a ospitalean zegoen erizain bati sendagiria eman diote, hari egindako frogek negatibo eman ostean.

Ostiralean Gobernu espainiarrak sortutako -Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak gidatuta- batzordeak bigarren bilera egin du gaur.

Bestalde, Romero bere kordean dago, ez diote hodia sartu behar izan eta Carlos III.a Ospitaleko langileekin hitz egiteko gai da, Osasun alorreko zenbait iturrik zabaldu dutenez.

Gaixoa bere inguruan gertatzen den guztiaz konturatzen da eta bere egoera larria, baina egonkorra, da, aipatu iturrien arabera.

Bestalde, ebolaz kutsatuta egon zitekeelakoan Carlos III.a ospitalean zegoen erizain bat etxera bidali dute arratsaldean. Dena den, oraindik ere zaintza pasiboan jarraitu beharko du urriaren 16ra arte berrogeialdia amaitu arte. Erizaina asteartean ospitaleratu zuten eta lehen proban ere negatibo eman zuen.

Ospitaleratutako 16 lagunetatik, Teresa Romero erizain laguntzailea da ebolak kutsatutako pertsona bakarra. Horietako hiru ostiral arratsaldean ospitaleratu zituzten: Teresa Romero depilatu zen zentroko langile bat, erizain bat eta Alcorcongo osasun etxeko (hara jo zuen Romerok) garbiketa zerbitzuko langile bat.

Hiru pertsona horiez gain, Romeroren senarrak, osasun etxeko medikuak, Alcorcongo Larrialdi zerbitzuko langileak, ospitaleko mediku batek, Summako langile batek, beste bi ile-apaintzailek, erizain batek, erizain gainbegirale batek eta jagole batek zainketa aktiboko gunean jarraitzen dute.

Ostegunean, ezohiko bilera

EBko Presidentetzak (Italia) eta Europako Batzordeak ministro europarren arteko ezohiko bilera bat deitu dute ostegunerako Bruselan, Afrikatik etorritako hegaldien kontrola koordinatzeko.

Europako Osasun Segurtasuneko Batzordea bilduko da ministroen bileraren aurretik, asteartean, eta aireportuetako kontrolez gain, Espainiako egoera ere hizpide izango dute, Frederic Vincent EBko bozeramaleak esan duenez.

"Ministroen ezohiko bilera ostegunean izango da, 11:00etan, Bruselan", esan du Vincentek.

Gobernuak sortutako batzorde bereziak, osasun-krisia kudeatzeko, bilera bat egin du gaur, larunbata, goizean, atzo lehenengo bilera egin eta gero. Egunean bi aldiz informatzeko konpromisoa hartu zuten.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ebola gaitza