Gizartea -

Ebola

Teresa Romerok larri jarraitzen du, baina adituak itxaropentsu daude

Ez dago aldaketa nabarmenik Teresa Romeroren osasun egoeran. Ebolaz kutsatutako erizain laguntzaileak egonkor jarraitzen du, larritasunaren barruan.

Teresa Romero erizain laguntzaileak Carlos III.a ospitalean jarraitzen du. Argazkia: EFE
Teresa Romero erizain laguntzaileak Carlos III.a ospitalean jarraitzen du. Argazkia: EFE
Gaur eta bihar, egun erabakiorrak Teresa Romerorentzat

1:21

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Teresa Romero Ebolaren birusaz kutsatutako erizain laguntzaileak egonkor jarraitzen du, larritasunen barruan. Dena den, itxaropenerako zantzuak badituztela jakinarazi du Fernando Simon ebolari kontra egiteko sortu den batzorde bereziko kideak.

Aipaturiko batzordeak bilera egin du goizean Madrilen, eta, ondoren, Simon bozeramaileak prentsaurrekoa eskaini du Moncloa jauregian. Azaldu duenez, "gaixotasun larria da eta hori gainditu arte ezin dugu ezer bermatu". Hala ere, itxaropena izateko zantzuak antzeman dituztela jakinarazi du, izan ere, birusaren zama geroz eta txikiagoa da gaixoaren gorputzean.

"Teresaren gorputzean dagoen birus kopurua kontrolatzen eta gutxitzen ari gara, eta infekzioa kontrolatzeko bidean gaudela pentsatzeko zantzuak ditugu, baina kontu handiz jokatu behar dugu. Ebola duen gaixo bat beti dago egoera kritikoan, eta gainera birusa zabaltzen den heinean organoei eragin diezaioke. Ondorioz, infekzioa kontrolatuta ere, gaixoaren eboluzioa guk nahi dugunaren alderantzizkoa izatea gerta daiteke", azaldu du.

Gaixoak bere osasun egoerari buruzko informazio asko ez emateko eta bere intimitatea eta konfidentzialtasuna errespetatzeko eskatu duela adierazi du Simonek.

Simonek azaldu duenez, Teresa Romero nola gaixotu zen ikertzen ari dira. Segurtasun-jantzia eranzterakoan kutsatu izana da aukeretako bat, baina dena argitu arte ikertzen jarraituko dute "egiaztatu beharreko hainbat puntu" egon daitezkeelako.

Beste 15 pertsonak Carlos III ospitalean jarraitzen dute, eta berrogeialdian egongo dira, baten batek gaixotasunaren sintomak garatzen baditu birusa zabaltzea saihesteko. Bestalde, zaintzapean jarraitzen duten 15 lagun horien osasun egoeran ez da aldaketa nabarmenik izan, eta momentuz ez dute gaixotasunaren sintomarik.

Erizain laguntzailea artatzen ari diren osasun langileek egunkari batean adierazi dutenez, Teresa Romero hobeto dago, eurekin hitz egiten du eta lasai egoteko esaten die.

Carlos III ospitalearen kontrako kritikak

Carlos III ospitaleko azpiegitura ez dago "diseinatuta ebolaren moduko larrialdiei aurre egiteko", Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Europako Zentroko (ECDC) adituen arabera. Horren harira, Simonek azaldu du ospitaleko zuzendaritzarekin hitz egin dutela eta hobekuntzak egiteko proposamenak egin dizkietela.

Horren iritziz, egituran eta bestelakoetan egin diren ekintza guztiak "goi mailakoak eta kalitate handikoak izan dira", baina horrek ez du esan nahi "hobekuntzarako tarterik ez dagoenik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ebola berriak