Gizartea -
Gipuzkoa
Errazkin: 'Zubietako plantarako baimena ez atzeratzea espero dut'
Gipuzkoako Ingurumen diputatua ziur agertu da Zubietako plantak beharrezko baimena lortuko duela, baina espero du “hauteskundeak direla eta” ez atzeratzea.
Erredakzioa
Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatuak adierazi duenez, erakundea “ziur” dago Zubietako Tratamendu Mekaniko-Biologikorako Plantak Ingurumeneko Baimen Integratua jasoko duela, eta espero du Eusko Jaurlaritzak “hauteskundeak direla eta” ez atzeratzea oniritzia, hilabete atzeratu dutela ezagutu ostean.
Errazkin GHKren arduradunek (Ainhoa Intxaurrandieta, Imanol Azpiroz eta Antton Lete) eta Gipuzkoako Diputazioak osatutako ordezkaritzaren buru izan da. Ordezkaritzak Ingurumen Sailak eskatutako dokumentazioa entregatu du gaur, astelehena, Gasteizen. Haiekin batera, Rolf Sieksmeyer HECeko (proiektuaren arduraduna den Alemaniako ingeniaritza enpresa) ingeniarien burua izan da.
Errazkinek nabarmendu duenez, Zubietako planta “ezinbestekoa” da hondakinen tratamendua osatzeko, Bergarako eta Azpeitiako konpost plantekin eta Zestoako inerteen zabortegiarekin batera. Denek “zaborraren arazoari konponbide jasangarri ekarriko diote”.
Horren ildotik, Errazkinek esan du planta zabalduz “Azpeitia eta Beasaingo zabortegi kutsatzaileak ixteko aukera izango da, Gipuzkoa ingurumenaren gaineko legeen eskakizunak betetzen dituen lehenengo lurraldea bihurtuz, horretarako, tratamendurik gabeko zaborra, hau da, kutsatzailea, pilatzen den zabortegiak itxi egin behar dira”.
“Erraustegiak baimena lortu bazuen, ez dago arrazoirik Zubietako plantaren baimena atzeratzeko, erraustegiak baino askoz emisio gutxiago isurtzen baititu”, nabarmendu du Errazkinek.
Intxaurrandietak esan du “ezustean” harrapatu duela Jaurlaritzak eskatutako dokumentazioak, “erraustegiari eskatutakoa baino askoz ere zorrotzagoa, eta proiektua askoz ere jasangarriagoa da”. Gaineratu duenez, “inork ez du zalantzan jarri ingurumenaren kontrako eraginak askoz ere txikiagoak izango direla” plantarekin.
“Onartezina”
Bestalde, Gipuzkoako Aldundiari eskatutako informazioa “funtsezkoa” dela ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak. Gasteizko Exekutiboa planta martxan jartzeko prozesua atzeratzen ari dela esatea “onartezina” dela uste du.
Josean Galera Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak Errazkini erantzun dio. “Ingurumen baimena emateko edo ez, funtsezko eta beharrezko informazioa da”, adierazi du Galerak agiri batean.