Gizartea -
Frekuentzia berriak
LTD kateak sintonizatzeko gida: Antena-jartzaileari deitu behar diot?
LTD bidez jasotzen diren kateak frekuentziaz aldatuko dira urriaren 26an, eta erabiltzaile guztiek berriz sintonizatu beharko dituzte.
Erredakzioa
Herritar guztiek lurreko telebista digitaleko (LTD) kateak berriz ere sintonizatu beharko dituzte urriaren 26an, dibidendu digitalaren liberalizazioaren ondorioz.
Prozesua errazteko, baina, Espainiako Gobernuaren Industria Ministerioak 2015. urteko urtarrilaren 1a arteko epea jarri du. Tarte horretan, LTDko kateek bi frekuentziatan emitituko dute seinalea; zaharrean eta berrian. Ondoren, frekuentzia berrian baino ezingo ditugu topatu.
Dena dela, nola sintonizatu behar ditut frekuentzia berriak? Antena-jartzaileari deitu behar diot? Ministerioak bi telefono zenbaki (901 201 004 eta 954 307 796) eta televisiondigital.es webgunea (gaztelaniaz dago) jarri ditu eskura, zalantza guztiak argitzeko. Guk gida honekin ere lagundu nahi dizuegu:
ANTENA-JARTZAILEARI DEITU BEHAR DIOT?
Zure eraikinaren arabera. Zure eraikinak hiru etxebizitza baino gehiago baditu, baliteke zure sistema hartzailea zentral programagarri bat edo kate bakarreko anplifikazio sistema bat izatea.
Hala bada, zure komunitateko presidenteak edo administratzaileak deitu egin beharko dio antena-jartzaileari, antenan aldaketak egin ditzan.
Dena dela, banda zabaleko sistema hartzailea duten eraikinetan (batik bat etxebizitza bakarreko eraikinak: txaletak, landetxeak…), ez da beharrezkoa antena-jartzaileari deitzea, sistema hori dagoeneko prest baitago frekuentzia guztiak, zaharrak zein berriak, hartzeko.
Hemen duzu antenak jartzen dituzten enpresen zerrenda (jatorrizkoa, gaztelaniaz).
LTD KATEAK BERRIZ SINTONIZATU BEHAR DITUT?
Bai, erabiltzaile eta ikusle guztiek egin beharko dute, salbuespenik gabe, urriaren 26tik abenduaren 31 arte.
Hortik aurrera, sintonizatu ez dutenek ezingo dute LTD bidez katerik ikusi.
NOLA SINTONIZATU BEHAR DITUT LTD KATEAK?
Telebista batzuek automatikoki egiten dute, baina beste kasuetan eskuz egin beharko da. Nola egin ez badakizu, kontsultatu zure telebistaren erabilera gidan. Dena dela, kasu gehienetan hau egin behar da:
1. 'Menu' botoia sakatu, telebistan edo urrutiko agintean.
2. 'Instalazioa' edo 'Konfigurazioa' botoia bilatu, eta 'Ok' sakatu.
3. 'Kanalak bilatu' sakatu.
4. 'Bilaketa automatikoa' edo 'Kate berriak sintonizatu' hautatu.
5. Telebistak kate guztiak topatu arte itxaron.
ZENBATEKO KOSTUA IZANGO DU ANTENA ALDATZEAK?
Etxebizitzaren, konpainiaren eta antena motaren araberakoa izango da kostua. Nolanahi ere, batez beste 20 eurokoa izango da etxebizitza bakoitzeko (ez eraikin bakoitzeko), FENITEL telekomunikazio instalatzaileen federazioaren arabera.
Espainiako Gobernuak diru-laguntzak emango ditu kostuak konpentsatzeko. 100 eta 550 euro artekoak izango dira.
ZEREN ARABERAKOAK DIRA DIRU-LAGUNTZAK?
Sistema hartzaile gisa zentral programagarri bat duten eraikinetan, gehienez 100 eurokoa izango da diru-laguntza.
Kate bakarreko anplifikazio sistema bat duten eraikinetan, baina, 'multiplex' kopuruaren araberakoa izango da. Hauxe da taula:
- Multiplex bat: 150 euro
- Bi multiplex: 250 euro
- Hiru multiplex: 350 euro
- Lau multiplex: 450 euro
- Bost multiplex: 550 euro
Hego Euskal Herriko hiriburuen kasuan, Bilbon lau multiplex dituzte; Donostian, bi; eta Gasteizen eta Iruñean, hiruna.
NOLA ESKATU DEZAKET DIRU-LAGUNTZA?
Diru-laguntza antenan aldaketak egin eta gero eskatu behar da, eta 2015. urteko urtarrilean hasiko dira agintariak ematen.
Laguntzak telematikoki eskatu behar ditu komunitatearen presidenteak, administratzaileak edo antena-jartzaileak berak, komunitatearen izenean.
Komunitateek identifikazio fiskaleko zenbaki bat eta kontu korrontea izan behar dituzte, eta honako txostenak aurkeztu behar dituzte:
- Antena-jartzailearen faktura.
- Antena-jartzaileak komunitateari emandako txostena (instalazio mota eta egindako lanak zehazten dira bertan).
- Kontu korrontea komunitatearena dela erakusten duen egiaztagiri bat.