Gizartea -
Jardunaldiak Legebiltzarrean
Gizarte laguntzak aldarrikatu dituzte, 'hitzaldi populisten gainetik'
Diru-sarrerak bermatzeko sistemaren inguruan jardunaldia egin dute gaur Eusko Legebiltzarrean, Bazterketa Sozialaren aurkako Europako Sareak (EAPN) antolatuta.
Erredakzioa
Euskadiko babes sozialerako sistema defendatu dute gaur goizean erakunde ezberdinetako ordezkari, soziologo eta pobreziaren aurka aritzen den zenbait adituk. Horren harian, “eskubideak zalantzan” jartzen dituzten hitzaldi “populistak” kritikatu dituzte, Alderdi Popularra adibide gisa jarrita.
Diru-sarrerak bermatzeko sistemaren inguruko jardunaldia egin dute gaur Eusko Legebiltzarrean, Bazterketa Sozialaren aurkako Europako Sareak (EAPN) antolatuta.
Parte-hartzaileen artean, besteak beste, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Manu Moreno EAPN Euskadiko presidentea, Maria Silvestre soziologoa, Jose Ignacio Arrieta Lan eta Gizarte Segurantzako sailburu ohia eta bazterketa sozialaren aurka lan egiten duten beharginak izan dira aipatu jardunaldian.
Denek aipatu dute PPk Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntzen inguruan egindako azken proposamena. Javier Maroto Gasteizko alkateak behin baino gehiagotan egindako salaketaren arabera, etorkin batzuek “ez dute lan egin nahi”, eta “diru-laguntzei esker bizitzea nahiago dute” .
Bakartxo Tejeriak Jaurlaritzaren laguntzak aldarrikatu ditu, ongizate estatuaren “oinarri” direla azpimarratuz. Eredu horretan jasotzen diren “eskubideak” zalantzan jartzea gogor kritikatu du Legebiltzarreko presidenteak. “Euskadi beti izan da solidarioa, bai gugandik gertu diren pertsonekin bai beste herrialde batzuetan dauden pertsonekin ere”, azpimarratu du.
EAPNko presidenteak ere ez du “zalantzarik” eduki EAEko sistema soziala defendatzeko. Eredua “indartzea” babestu du, pobreziaren eta bazterkeriaren aurkako borroka bermatzeko.