Gizartea -

Gertakaria

Ultzaman perretxiko bila zebilela galdutako gizona onik topatu dute

10:00ak inguruan topatu dute. Galdutako gizonak berak deitu zuen 112 larrialdietarako zerbitzura, atzo arratsaldean, galdu egin zela eta autoa utzi zuen tokirako bidea topatu ezinda zebilela esanez.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ultzaman perretxiko bila zebilela galdutako gizona onik topatu dute, gaur goizean, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.

08:00ak inguruan ekin dio berriro Nafarroako Larrialdietako Agentziak bilaketa-lanei, eta 10:00ak inguruan aurkitu dute. Atzo ilunabarretik zegoen galduta 65 urteko gizonezkoa Ultzama ibarrean, Arraitz-Orkin kontzejuko Arraizko Bentak auzoan. Perretxiko bila zebilela galdu zen.

Galdutako gizonak berak deitu zuen 112 larrialdietarako zerbitzura, galdu egin zela eta autoa utzi zuen tokirako bidea topatu ezinda zebilela esanez.

Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, gizonezkoak ez zuen inguruan erreferentzia ezagunik topatzen bere kokalekua zehazteko eta telefonoak ere ez zuen GPS aplikaziorik.

Telefonoz emandako jarraibideak kontuan hartuta, Nafarroako Larrialdietako Agentziak koordinatutako lantalde bat Ultzama ingurua miatzen hasi zen. Antza, 22:30 inguruan galdutako gizonak telefonoz esan zien bilaketa-lanetan erabiltzen ari ziren ibilgailuen hotsak entzuten zituela. Baina handik gutxira, telefonoaren bateria agortu zitzaion, eta ordutik ezin izan dute berarekin hitz egin.

Gau osoan  zehar ustez gizona egon zitekeen eremuan egon dira larrialdietarako langileak, argi eta soinu seinaleak bidaltzen, bertan zeudela jakin zezan.

Foru Gobernutik esan dutenez, hotzari aurre egiteko arropa egokirik ez zuen soinean gizonak, eta edatekorik eta jatekorik ere ez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa gaur