Gizartea -
Istripua
Lau lagun zauritu dira Tafallan eta Areatzan izandako istripu banatan
Ezbeharretako bat AP-15ean jazo da, Nafarroan; eta bestea, N-240 errepidean, Bizkaian.
Erredakzioa
Lau lagun zauritu dira, horietako bi larri, Tafallan (Nafarroan) eta Areatzan (Bizkaia) izandako istripu banatan, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi dutenez.
Lehen ezbeharra 01:00ak aldera jazo da N-240 errepidean, Areatzan eta Gasteizko noranzkoan. Mitsubishi markako ibilgailu batek eta Chebrolet Aveo batek talka egin dute eta bi lagun zauritu dira. Biak ala biak Galdakaoko Ospitalera eraman dituzte.
Chebrolet Aveoko gidari, 21 urtekoa, larri zauritu da eta Mitsubishi markakoan zihoana, arin, iturrion arabera.
Istripua Tafallan
Tafallako ezbeharra goizaldeko hirurak baino minutu batzuk lehenago jazo da. Argitu gabeko arrazoiak tarteko, bi lagun zeramatzan mikrobus bat bidetik atera da 53,5 kilometro parean eta ezponda baten kontra jo du.
Mikrobusaren gidaria, 56 urteko Oliteko bizilaguna arin zauritu da, eta atzeko jesarlekuetan zihoan L.A.G.L (59 urteko iruindarra), larri.
Istripuaren ondorioz, AP-15eko eskuineko erreia itxi behar izan dute Iruñeko noranzkoan eta 53-53,7 kilometroen artean.
SOS Nafarroa Larrialdietarako zerbitzuak 02:48an jaso du istripuaren berri, eta Tafallako zerbitzu medikua, suhiltzaileak eta anbulantziak bertaratu dira. Bi zauritutakoak Nafarroako Ospitalera eraman dituzte.
Foruzaingoak Iruñeko Bideko Segurtasuneko patruila bat, Tafallako Herritarren Segurtasunerako beste bat eta Iruñeko Argiketa taldea eraman du istripua izan den tokira. Hain justu, azken honek hartu du ezbeharra ikertzeko ardura.