Gizartea -

Moda arriskutsua

Pailazoek izua zabaldu dute Frantzian

Hainbat pertsona pailazoz mozorrotuta eta armak eskuan kalera ateratzen ari dira Frantzia osoko hainbat herritan. Erasoak eta istiluak ere izan dira.

Wazemmes-en (Lille) ikusitako pailazo bat. Argazkia: @Zinedine_Mzt
Wazemmes-en (Lille) ikusitako pailazo bat. Argazkia: @Zinedine_Mzt
Pailazo gaiztoak psikosia eragiten ari dira Frantzian

1:17

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Moda arriskutsua, makabroa eta ulertezina sortu da azken asteetan Frantzian. Hainbat pertsona pailazoz mozorrotuta eta armak eskuan ateratzen ari dira kalera herrialde osoko hainbat herritan. Txantxa bezala hasi omen zen kontua, baina izua zabaldu da eta agintariek esku hartu behar izan dute, eraso eta istilu ugari jazo baitira.

Urriaren 10ean, pailazoz mozorrotuta zegoen mutil bat kalera atera zen Périgueux hirian (Frantzia erdialdea), plastikozko labana bat eskuan, "txantxa bat egiteko". Harrezkero, baina, hainbat pertsonak gauza bera egin dute herrialde osoan zehar, batzuk benetako armak hartuta atera dira, eta horietako batzuek erasoak egin dituzte, Frantzia hegoaldean.

Gazte bati dagoeneko sei hilabeteko espetxe-zigorra ezarri diote Douvrin udalerrian, moda honekin bat egiteagatik. Agde herrian, gainera, 14 nerabe atxilotu zituzten larunbatean, institutu baten alboan pailazoz mozorrotuta egoteagatik. Montpellier hirian, pailazo batek gizonezko bati eraso dio burdinazko barra bat erabiliz. 30 aldiz kolpatu du.

Urriaren 24an, kalean armak edukitzea delitu dela eta espetxe-zigorra dakarrela gogorarazi zuen Poliziak, eta ekintza susmagarririk ez egitea eskatu zien herritarrei.

Moda honen aurrean, hainbat herritarrek patruilak sortu dituzte, eta, labanak edo bateak hartuta, pailazoei aurre egiten ari dira. Segurtasun Indarrek pertsona horietako asko atxilotu dituzte, "pailazo-ehizan" zeudelako.

JATORRI EZEZAGUNA

Agintariek ez dakite oraindik zein den moda honen jatorria. Pascal Froissard soziologoak Le Monde egunkarian azaldu duenez, baliteke Halloween festaren harian sortu izana, baina beste batzuek "American Horror Story" beldurrezko telesailaren denboraldi berriaren estreinaldia edota DM Pranksen bideoak ere izan litezkeela uste dute. Aipatu bideo horietan, umorista batek pailazo jantzia jarri eta herritarrak ikaratzen ditu.

AEBn, Wasco hirian (Kalifornia), artista batek dozenaka pailazo atera zituen kalera duela bi aste. Proiektu artistiko bat zen, baina herritar askok kaleetan psikopata bat zegoela pentsatu zuten.

DM Pranksen bideo bat

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea