Gizartea -
Salaketa
'Bill Cosbyk drogak eman zizkidan eta, ondoren, bortxatu egin ninduen'
Emakume batek aktoreak egin zizkion sexu-erasoak azaldu ditu 'Daily Mail' egunkarian. Orain 28 urte gertatutakoak kontatu ditu Barbara Bowmanek egunkari horretan.
Erredakzioa
Bill Cosby aktoreak drogak eman zizkiola eta, ondoren, bortxatu egin zuela salatu du emakume batek Daily Mail egunkarian. Orain 28 urte gertatutakoaren berri emanda, Barbara Bowman aktoreak eta horren adierazpenek soka luzea ekarri dute.
Elkarrizketan jasotakoaren arabera, 1985. urtean ezagutu zuen Cosby, “aktorea izateko ikasten ari nintzenean”. Garai hartan, Cosby aktore berriak bilatzen ari zela esan du Bowmanek.
“Cosbyren gustukoa izan nahi nuen, nire aukera izan zitekeen”, adierazi du.
Ondorengo hilabeteetan, emakumeak eta Cosbyk harremanetan jarraitu zuten, eta hainbat ikuskizunetara joan ziren elkarrekin. 1986. urtean, Nevadako hotel batean zeudela, Cosbyk sexu-erasoa egin zion Bowmani, horren esanetan.
“Argia itzali zuen. Logela ilun zegoen. Sofan bota ninduen eta ukituak egin zizkidan. Orduan, nire eskua bere zakilean jarri eta masturbatzera behartu ninduen. Ezin nuen gertatzen ari zena ikusi. Amaitu bezain laster, korrika atera nintzen logelatik, eta botaka egin nuen”, esan du.
Gerora ere, horrelako gehiago egon ziren. Cosbyren etxean zeundela, aktoreak drogak eman eta bortxatu egin zuela kontatu du Bowmanek.
2006. urtean, 13 emakume, tartean Bowman, Cosbyren aurka deklaratzeko deitu zituzten, baina salaketa jarri zuen neskak akordioa lortu zuen aktorearekin, eta epaiketa bertan behera geratu zen.