Gizartea -
Ikerketa
130 etxegabe baino gehiago dago Bilbon
Donostian, berriz, 87 dira lotarako etxerik ez dutenak. EAEko 10 herri eta hiritan egindako ikerketa baten arabera, kalean lo egiten dutenen 10etik 8 gizonezkoak dira.
Erredakzioa
"Kale Gorrian" kolektiboak kalean lo egiten duten pertsonen inguruko ikerketa bat egin du. Lagina EAEko 10 udalerritan hartu dute, eta guztira 300 pertsona baino gehiago aurkitu dituzte egoera horretan, lotarako etxerik gabe, Bilbon, Donostian, Gasteizen, Barakaldon, Getxon, Irunen, Laudion, Portugaleten, Santurtzin eta Sestaon.
Bilbo eta Donostia dira etxegabe gehien dituzten hiriak EAEn, lehenengoan 130 eta bigarrenean 87 baitaude. Horien atzetik Irun dago, kalean lo egiten duten 39 pertsona aurkitu baitituzte bertan.
Gasteizko hiriburuaren datua azpimarratu dute, Donostia eta Irun baino handiagoa izan arren, horietan baino askoz pertsona gutxiagok egiten dutelako kalean lo, 18k hain zuzen ere.
Bestalde, aipatu beharrekoa da kasuen % 80 baino gehiago gizonezkoak direla; beraz, 40 emakume baino gutxiago zenbatu dituzte kalean lo egiten duten pertsonei buruzko ikerketa honetan.
Bilboren kasuan, Basurtu-Zorrotza, Errekalde eta Abando-Indautxu dira etxegabe gehien pilatzen dituzten eremuak.
Donostian, berriz, Amara Berri-Loiola-Martutenen daude lo egiteko etxerik ez duten pertsona gehien.