Gizartea -
Paris
Sutea piztu da Frantziako irrati kate nazionalaren egoitzan
Eraikina jendez hustu dute eta irratiaren emisioak eten dituzte. Ez da inor zauritu.
Erredakzioa
Frantziako irrati kate nazionalak Parisen duen egoitzan, frantsesez Maison de la Radio izenaz ezagutzen den horretan, sutea piztu da eguerdian. Ondorioz, eraikina jendez hustu behar izan dute eta irratiaren emisioak eten dituzte.
France Info irrati katearen emisioa bat-batean eten dute 12:52an, kazetariak sute bat zegoela eta zuzendariak eraikina jendez hustea agindu duela jakinarazi ostean. "Gure saioak eteteko eta eraikinetik ateratzeko agindua eman digute", adierazi dute France Inforen azken buletinean.
Sutearen irudietan ikus daitekeenez, Sena ibaiaren aldamenean dagoen eraikineko azken solairuetatik ke beltz ilara luzeak ateratzen ziren. Suhiltzaileen kamioi ugari bertaratu dira sua itzaltzera.
Lekuko batzuen arabera, sugarren ondorioz leherketak entzun dira Henry Bernardek diseinatutako eraikin ezagunean.
Jean-Philippe Deniau France Inter kateko kazetariak azaldu duenez, eraikineko goiko pisuetan egiten ari diren lanetan piztu da sua, eta badirudi inor ez dela zauritu.