Gizartea -
Indarkeria zantzuak
Atxilotuta Gasteizen hilik topatutako emakumearen bikotekide ohia
Segurtasun Sailak zehaztu duenez, ikerketak aurrera jarraitzen du eta ez dute hipotesirik baztertu, atxiloketa gorabehera.
Erredakzioa
Ertzaintzak Gasteizko etxebizitza batean hilik topatutako emakume zerbitzariaren bikotekide ohia atxilotu du, berak hil zuelakoan.
45 urteko atxilotuak biktimarekin “harremanen bat” zuen oraindik. Ikerketako iturriek EFE albiste-agentziari azaldu diotenez, atxilotuak “zurigarri” bat du eta ikertzaileek egiaztatu behar dute. Gainera, miaketaren bat egiteko baimen judizialaren zain daude.
Ikerketan parte hartzen ari diren zenbait kidek Efe albiste-agentziari esan diotenez, emakumeen kontrako indarkeria kasua litzateke, baina Segurtasun Sailak azpimarratu du ikerketak aurrera jarraitzen duela eta ez dutela, oraingoz, hipotesirik baztertu gertatutakoaren inguruan. Baliteke drogekin lotutako kasua izatea.
Izan ere, atxilotutakoak (atzerritarra da) zenbait gertaera izan ditu drogekin lotuta, azkena aurreko astean; Ertzaintzak drogak topatu zituen hildakoak lan egiten zuen tabernan, Beato Tomas de Zumarraga kalean.
Taberna horretan, hain zuzen (atzotik itxita dago), ohikoak dira droga-trafikoarekin eta borrokekin lotutako gertaerak, eta Ertzaintzak esku hartu behar izaten du.
42 urteko emakumearen gorpua atzo aurkitu zuten, 17:15 aldera, Gasteizko El Pilar auzoko etxebizitza batean, Guayaquil kalean.
Hildakoaren hilotzak indarkeria zantzu argiak zituen.
Ondoren, Ertzaintzak ikerketa abiarazi zuen eta, hainbat hipotesi aztertu eta gero, hildako emakumearen bikotekide ohia atxilotu zuen, hilketaren egilea izatea leporatuta.
Bizi zen eraikineko auzokideek Eferi adierazi diotenez, baliteke hilketa aurreko ostiralean gertatzea, norbaitek “Ni ez naiz izan!” eta “Laguntza!” oihukatu egin baitzuen.
Auzokideen arabera, emakumea (dominikarra) egun horretan hil zen, eta asteburuan lanera joan ez zenez, bere inguruko norbait bila joan zen etxebizitzara.
Antza denez, pertsona horrek, emakumeak erantzunik ematen ez zuela ikusita, Ertzaintza jakinaren gainean jarri zuen, eta etxebizitzan sartzean, gaztearen gorpua topatu zuten.
Ertzaintzako zenbait agente etxebizitzara joan ziren atzo, indarkeriaz egindako hilketa horren nondik norakoak argitzen lagunduko duten zantzuak jasotzeko.