Gizartea -
Istripua
14 pertsona hil dira Murtzian izan den autobus-istripuan
Autobus-gidaria inputatuko dute gizahilketa, kalteak eragitea eta zuhurtziagabekeriaz gidatzea leporatuta. Gehiegizko abiadurak eta arreta faltak eragin omen dute istripua.
Erredakzioa
14 lagun hil dira eta 43 zauritu Murtzian, Cieza udalerriko Venta del Olivo parean izan den autobus-istripuan. Ezbeharra 23:20an gertatu da, autobusa 15 metroko lubeta batetik erori denean. Madrilen eguna igaro ondoren Murtziako Bullas herrira zihoazen autobuseko bidaiariak.
Murtziako Gobernuak emandako azken mediku txostenaren arabera, 28 pertsonak ospitalean jarraitzen dute eta horietako 10 egoera larrian daude. Halaber, beste 18 pertsona ospitalean daude, garrantzizko zauriekin. Zaurituak Murtziako eta Albaceteko hainbat erietxetara eraman dituzte. Hildako eta zauritu guztiak Bullaseko bizilagunak dira.
Calasparrako errepidean izan da ezbeharra, Venta del Olivo parean dagoen zubian. Ibilgailua lubeta batetik behera erori da, eta hamar bidaiari lekuan bertan hil dira. Beste lau, horien artean apaiz bat, erietxean hil dira.
Joaquin Bascuñana Espainiako Gobernuak Murtzian duen ordezkariak iragarri duenez, autobus-gidaria inputatuko dute gizahilketa, kalteak eragitea eta zuhurtziagabekeriaz gidatzea leporatuta. Gidariak negatibo eman du alkohol eta droga probetan.
Autobusean zihoazen bi gidarietako bat zauritu da, eta Caravaca de la Cruz Ospitalera eraman dute, arritmia izaten ari zelako.
Bascuñanaren arabera, gidariak sendagiria jasotakoan “protokoloen arabera jardungo” dira eta Guardia Zibilaren aurrean deklaratu beharko du, epailearen aurrera eraman aurretik.
Ikerketan parte hartzen ari direnek azaldu dutenez, gehiegizko abiadurak eta arreta faltak eragin omen dute istripua. Gidariak, baina, balaztek huts egin diotela esan dio Guardia Zibilari.
Autobusaren gidariak adierazi duenez, ostiralean pasatu zuen ibilgailuak ibilgailuen azterketa teknikoa. Bullaseko talde erlijioso batek kontratatu zuen autobusa, Getafeko Cerro de los Ángeles muinora joateko ekitaldi batean parte hartzera. Jose Manuel Lorca Planes Cartagenako apezpikuak adierazi duenez, autobusean “pertsona gazte asko” zegoen.
Autobus-istripua dela eta, Murtziako Gobernuak eta Bullasko Udalak hiru dolu-egun iragarri dituzte. Izan ere, 2000etik Espainian izan den autobus-istripu larrienetakoa izan da.