Gizartea -
Zirkulazioa
Gizonezko bat hil da Errezil gainean izandako istripu batean
52 urteko gizonezkoa lubeta batetik behera erori da autoarekin. Bestalde, bi pertsona zauritu dira Etxegaraten gertatutako bi ezbeharretan.
Erredakzioa
Gizonezko bat hil da Errezil gainean (Gipuzkoa), Errezil eta Bidania-Goiatz artean, gertatutako auto-istripu batean, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Aipatu iturriaren arabera, ezbeharra Txintxera hotelaren inguruan izan da. Albizturko 52 urteko gizonezkoa 8 metroko lubeta batetik behera erori da autoarekin.
Bi zauritu Etxegaraten
Bestalde, bi pertsona zauritu dira gaur goizaldean Etxegaraten, N-1 errepidean, izandako bi istripuetan.
Lehenengoa 06:45 aldera gertatu da, Gasteizko noranzkoan. Kamioi batek eta furgoneta batek talka egin dute, eta azken horren gidaria zaurituta eraman dute Zumarragako ospitalera.
Ordu erdi geroago, toki berean, kamioi bat irauli da, eta gidaria Zumarragara eraman behar izan dute, zauriak artatzera.