Gizartea -

EAE-ko Auzitegia

Maroto deklaratzera deitu du Fiskaltzak, gorrotoa sustatzea egotzita

Deklaratzera joango dela iragarri du Marotok, baina berretsita ez diola 'inori barkamenik eskatuko'.

Salatu gisa joan beharko da deklaratzera Maroto, ostegunean.
Javier Maroto
Salatu gisa joan beharko da deklaratzera Maroto, ostegunean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko Auzitegi Nagusiko Fiskaltzak Javier Maroto Gasteizko alkatea (PP) deklaratzera deitu du SOS Arrazakeria taldeak haren kontra aurkeztutako salaketaren harira. Etorkinak "gizarte laguntzen lepo" bizi direla esateagatik salaketa jarri zuen taldeak, gorrotoa sustatzea eta etorkinen eskubideen kontra aritzea leporatuta.

Juan Calparsoro fiskal nagusiak idazkia helarazi dio Marotori, ostegunean Bilboko Justizia Jauregira joateko esanez. Maroto salatu gisa joango da, eta, beraz, abokatua lagun duela joan beharko du.

SOS Arrazakeria taldeak irailean jarri zuen Gasteizko alkatearen kontrako salaketa, honek etorkinen kontura esandakoengatik. Marotok adierazi zuenez, "egia handia da" etorkinen kolektiboak, marokoarrak eta aljeriarrak, besteak beste, herritar "guztiek" ordaintzen dituzten "laguntza sozialen kontura" bizi direla.

Salaketa horren harira, ikerketa abiatu zuen Calparsorok, eta alegazio-idazkia aurkezteko eskatu zion Marotori. Alkateak Auzitegira helarazitako agirien artean, azken urteetan Gasteizko Udalaren gizarte zerbitzuek lagundutako pertsonen txosten bat eta Gasteizko erroldak nazionalitatez nazionalitate izandako bilakaera daude.

Horrez gain, Marotoren gutun bat ere aurkeztu dute abokatuek. Horren arabera, txostenetan oinarritu zen bera adierazpenak egiteko, eta ez zuen gorrotoa sustatzeko asmorik: "Bazterkeria edo arrazekiko gorrotoa sustatzeko borondaterik ez nuen, eta orain ere ez dut. Administrazio publikoaren baliabideak ondo kudeatzea eta iruzurraren kontra borrokatzea da nire asmo bakarra".

Dokumentazio hori eskuan, deklaratzera deitzea erabaki du orain fiskalak.

Maroto: 'Ez dut barkamenik eskatuko'

Erabaki judizialak errespetatzen dituen aldetik, deklaratzera joango dela iragarri du Javier Marotok ohar batean.

Hori bai, inori barkamenik ez diola eskatu behar berretsi du. "Gorrotoa sustatzeagatik nire kontrako salaketa jarri zuen SOS Arrazakeriak, eta handik gutxira, nire burua moztea nahi lukeela adierazi zuen. Hori ez al da gorrotoa sustatzea? Fiskaltzak ni deitu nau deklaratzera. Mundua hankaz gora dago", esan du oharrean.

Salaketa eragin zuten adierazpenei dagokienez, "gizarte laguntzekin gertatzen ari dena argi eta garbi esan" besterik ez zuela egin adierazi du Marotok, eta Jaurlaritzak kaleratutako datuek hori agerian uzten dutela nabarmendu du.

Hori horrela, etorkinen taldeei barkamenik ez diela eskatuko berretsi du (horixe eskatu du SOS Arrazakeria taldeak), eta diru-sarrerak bermatzeko laguntzaren proposamena "atzera botako" ez duela azpimarratu du.

Fede Garcia SOS Arrazakeria Arabako taldeko bozeramailea pozik agertu da Fiskaltzak Maroto deklaratzera deitu duelako, eta barkamena eskatzea espero duela erantsi du.

Horren esanetan, "Marotok esandakoek ondorio txikiagoko gatazkak eragin dituzte, baina sozialki kalte handia egin dute".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala albisteak