Gizartea -
Ogasuna auzia
Nuñez espetxera sartu da, 2 urte eta 2 hilabeteko zigorra betetzera
Bartzelona futbol taldeko presidente ohiari Ogasuneko ikuskatzaileak 'erostea' leporatu zioten.
Erredakzioa
Josep Lluis Nuñez Bartzelona futbol taldeko presidente ohia eta haren semea, Josep Lluis Nuñez i Navarro, Quatre Camins (Bartzelona) kartzelan sartu dira igandean, epaitegiek Ogasuna auziagatik ezarri zien bi urte eta bi hilabeteko zigorra betetzeko.
Bartzelonako Auzitegiak atzera bota zituen aita-semeek jarritako azken helegiteak, eta hamar eguneko epea jarri zien kartzelan sartzeko. Erabaki hori betez, gaur sartu dira kartzelan.
Bartzelona futbol taldeko presidente ohiaren kasuan, haren abokatuak espetxera sartzeko eguna atzeratzea eskatu zuen Espainiako Gobernuak indultu eskaerari buruzko erabakia hartu bitartean. Auziko epaileak, baina, ez zuen defentsaren eskaria onartu, indultu eskaria onartzeko aukera gutxi daudela eta kondenatuak errehabilitatu gabe jarraitzen duela argudiatuta. Haren iritziz, Nuñezek ez du damurik erakutsi.
Auzitegi Gorenak bi urte eta bi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion Josep Lluis Nuñezi Ogasuneko ikuskatzaileak "erostea" leporatuta. Epaiaren arabera, Bartzelona futbol taldeko presidente ohiak Ogasuneko berrikuspenetan "ez ikusiarena egiteko" eskatu zien, diruaren truke, ikuskatzaileei.
Auzitegi Nazionalak Nuñezen abokatuen helegitea baztertu zuen gertaeren larritasuna zela eta. Auzitegiaren arabera, "ez zen noizbehinkako eta garrantzirik gabeko jokabidea izan, denboran jarraipena izan zuen jokabidea baizik", hamar urtez luzatu baitzen.
Nuñezen semearen kasuan, aita kartzelara bidaltzeko emandako arrazoi berdinak erabili zituen Auzitegiak. Kasuko epailearen esanetan, Nuñez semeak ere ez du inolako damurik agertu eta, beraz, "ezin da esan errehabilitatu edo birgizarteratu denik".