Gizartea -
Greba Osakidetzan
Grebaren jarraipena % 6,7koa izan da Osakidetzaren arabera
Sindikatuen esanetan, ezarritako gutxieneko zerbitzuak 'gehiegizkoak' izan dira eta langileen % 20k bakarrik izan dute greba egiteko aukera.
Erredakzioa
SATSE, ELA, LAB, SME-FFHH, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek Gipuzkoako Osakidetzako osasun zentroetan eta ospitaleetan gaurko deituriko grebaren jarraipena % 6,7koa izan da Osakidetzaren arabera.
Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendari nagusi eta Jose Maria Armentia Giza Baliabideetako zuzendariak prentsaurrekoa eskaini dute goizean grebaren jarraipenari buruzko datuak emateko. Horien esanetan, Osakidetzako 5.453 langileetatik 353k soilik egin dute greba, eta lanbideak kontuan hartuta, medikuen % 3,7ak, erizainen % 7,4k eta gainerako langileen % 9,7k egin dute bat lanuztearekin.
Armentiak azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzak eskua luzatuta dauka sindikatuekin akordioa lortzeko, eta horretarako tartea izango dela baieztatu du Osakidetzak sindikatuekin datorren astelehenean egingo duen bileran.
Ildo horretan, datorren lan eskaintza publikoan barne promozioko 474 lanpostu eta modu librean beste hainbat eskainiko direla adierazi du. Gaineratu duenez, araudiak ahalbidetzen duen heinean, Eusko Jaurlaritzak zifra horiek areagotzeko borondatea azalduko die sindikatuei asteleheneko bileran.
Sindikatuen balorazioa
Osakidetzako arduradunak balorazioa egiten ari ziren bitartean, ehunka langilek Donostiako kaleetan barrena egin den manifestazioan parte hartu dute. Sindikatu guztiek deituta egindako mobilizazioan, euskal osasun sarean enplegua berreskuratzea eskatu dute.
Sindikatuek "Kalitatezko Osakidetza baten alde. Enplegu sorrera. Lapurreta gehiagorik ez", lelopean egin dute manifestazioa Donostiako kaleetan barrena. Sindikatuek ez dute grebaren jarraipenari buruzko daturik eman, "ezarritako gutxieneko zerbitzuekin zifra dantzan sartzeak ez gaitu inora eramaten eta". Halaber, Pilar Mendia Satse sindikatuko ordezkariaren iritziz, gutxieneko zerbitzuak "gehiegizkoak" izan dira, izan ere, langileen % 20k bakarrik izan dute greba egiteko aukera.
Sindikatuek elkarrekin argitaratutako ohar batean, mobilizazio egutegiari "eusteko" konpromisoa agertu dute, eta azaroaren 24rako deitutako Mahai Sektorialaren bileraren deialdian izandako "atzerapena" salatu dute.