Gizartea -
Asturiasen
Basauriar batek ustez bere bi alabak hil eta bere buruaz beste egin du
7 eta 9 urteko adingabeen gorpuak gizonaren etxebizitzan aurkitu dituzte, San Juan de la Arenan. Amak babes neurriak eskatu zituen, baina ukatu egin zizkioten.
Erredakzioa
Basauriko gizon batek ustez 7 eta 9 urteko bi alabak hil eta bere buruaz beste egin du San Juan de la Arenan (Asturias). Neskatoak hil eta gero zubi batetik salto egin du.
Adingabeen gorpuak gizonaren etxebizitzan aurkitu dituzte. Gizonak neskatoak bisitatzeko erregimena zuen eta amari entregatu behar zizkion ostegun honetan.
Gijongo Guardia Zibilaren iturriek jakitera eman dutenez, 18:00ak aldera J.I.B.K. gizonaren gorpua aurkitu dute. La Concha de Artedo zubitik salto egin du bere buruaz beste egiteko.
Nortasuna eta ohiko bizilekua egiaztatu eta gero, guardia zibilak San Juan de la Arenako etxebizitzara joan dira. Etxe barruan 7 eta 9 urteko bi alaben gorpuak topatu dituzte.
Gizona bananduta zegoen eta adingabeak bisitatzeko erregimena zuen. Aurreneko datuen arabera, alabak amari entregatu behar zizkion ostegun honetan bertan. Emakumea Soto del Barcon bizi da.
Neskatoen amak salaketa bat aurkeztu zuen bikotekide ohiaren aurka 2013. urteko maiatzean, irainak esatea egotzita. Dena dela, gizonezkoak ez zuela portaera bortitza agertu aitortu zuen.
Hori hórrela, abokatuak emakumearengandik (baina ez alabengandik) urruntzeko agindua eskatu zuen, baina amak alabak bisitatzen jarraitu ahal izatea eskatu zuen. Epaitegiak ukatu egin zun urruntzeko agindua.
Elkarretaratzea Basaurin
Bestalde, ehun bat pertsonak elkarretaratzea egin dute Basauriko Udaletxearen aurrean, "hilketa krudela" gaitzetsi, eta hildako neskatoen amari elkartasuna adierazteko.
Udaleko alderdi guztien (EAJ, PSE, EH Bildu eta PP) ordezkariek hartu dute parte protestan.
Elkarretaratzea isila izan da, eta indarkeria matxistaren aurkako pankarta bat erakutsi dute.
Aho batez onartutako adierazpen instituzional batean, udal taldeek "gaitzetsi" egin dute krimena, eta "mina" agertu dute.
Gainera, elkartasuna adierazi diote neskatoen amari.