Gizartea -
Euskararen Aholku-batzordea
Urkullu: 'Batua euskara berreskuratzeko faktore erabakigarria izan da'
“Batuaren” garrantzia azpimarratu du lehendakariak. Prozesu horretan Koldo Mitxelena hizkuntzalari “aitzindariak eta erreferenteak” egindako “funtsezko” ekarpena goraipatu du Urkulluk.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzetan, euskalki desberdinen batasuna eta “batua” sortzea “faktore erabakigarria” izan da hizkuntza “berreskuratzeko” orduan.
Euskararen Aholku-batzordeak bilera egin du gaur, Gasteizen. Euskararen Nazioarteko Eguna izango da asteazken honetan eta lehendakariak Aholku-batzordea zuzendu du.
“Batuaren” garrantzia azpimarratu du lehendakariak. Prozesu horretan Koldo Mitxelena hizkuntzalari “aitzindariak eta erreferenteak” egindako “funtsezko” ekarpena goraipatu du Urkulluk; izan ere, “euskara berreskuratzeko oinarriak ezarri zituen”.
Mitxelenaren “gogoetak”
Horregatik, Mitxelenaren “gogoeta” batzuk bildu ditu Aholku-batzordearen adierazpenak. Horrela, hizkuntzalariari “omenaldia” egin nahi izan diote erakundeek.
“Eguzkiaren argia bezain argitsua da, batasunik gabe, bihar edo etzi ez dugu euskararik izango: batasuna ez da baldintza nahikoa, baina ezinbestekoa eta beharrezkoa da hizkuntzak aurrera egiteko”, zioen Mitxelenak bere testuetan.
“Hizkuntza ez da izpiritu zoli bat”, defendatu zuen Gipuzkoako hizkuntzalariak, “izaki bizi bat” baizik, “gizartean eta hiztunen artean bizi delako, eurak euskarria direlako eta bizitza ematen diotelako”.