Gizartea -

Indarkeria futbolean

Madrilgo agintariek bazekiten Riazor Bluesko zaleak joatekoak zirela

Madrilgo Poliziak ukatu egin zuen Deportivoko zale erradikalen bidaiaren berri zutela.

Suhiltzaileek Jimmy ibaitik atera zuten unea. EiTB
Suhiltzaileek Jimmy ibaitik atera zuten unea. EiTB
Suhiltzaileek Jimmy ibaitik atera zuten unea. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Galiziako Poliziak Riazor Blues Deportivo futbol-taldeko zale erradikalak Madrilera joatekoak zirela ohartarazi zien erkidego horretako agintariei, Poliziaren Sindikatu Bateratuak (SUP) Galizian duen batzordeak jakinarazi duenez.

Orain arte, Madrilgo Poliziak eta agintariek ukatu egin dute Riazor Bluesen bidaiaren berri zutela. Horrenbestez, SUPen azalpenen arabera, Madrilgo agintariek ez zuten neurririk hartu, abisua izan arren.

Hain zuzen ere, agintariak "ostegunean" ohartarazi zituztela azaldu du SUPek. "Coruñatik Madrilera joango ziren zaleei buruzko informazioa eman behar zuten funtzionarioek Indarkeriaren, Arrazakeriaren, Xenofobiaren eta Intolerantziaren aurkako Batzordeari igorri zioten txostena, Kirolaren Batzorde Nazionalaren bitartez", esan dute.

Informazio horretan, partidara Deportivoren zenbat zale joatekoak ziren zehaztu zuten, eta "gutxienez Riazor Blues taldeko 50 kide" joango zirela gaineratu zuten.

Riazor Bluesen oharra

Testuinguru horretan, Riazor Blues taldeak ukatu egin du Frente Atleticorekin elkar jotzeko "hitzordua" zutela. Gainera, Madrilera joateko modua "aurreko urteetako berbera" izan dela esan du.

Poliziaren kontrolak saihesteko helburuz, Espainiako hiriburura joateko autobusak Galiziako beste probintzia batean alokatu zituztela zabaldu da azken egunetan, baina Riazor Blues taldeak ez du azalpenik eman horren inguruan.

Kolpeen ondorioz hil zen

Deportivo taldeko zale bat, Francisco Javier Romero Taboada, Jimmy, hil egin zuten igandean, talde horretako eta Frente Atleticoko zaleen arteko borroka jendetsu batean.

Autopsiaren arabera, kolpeen ondorioz hil zuten Jimmy. Hasieran, itota hil zela pentsatu zuten, jipoitu eta gero Manzanares ibaira bota zutelako.

Poliziak 21 pertsona atxilotu zituen borroka jendetsu horren ondorioz. Atzo komisarian deklaratu zuten, eta baliteke gaur epailearen aurrera eramatea.

Jimmyren hilotza gaur bertan eramango dute Coruñara.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea