Gizartea -
Osakidetza
Urkullu: 'Inbertsioak gora eginda ere, askok murrizketa dagoela diote'
Lehendakariaren esanetan, Osakidetzako inbertsioa % 5 igoko dira 2015. urtean.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak Osakidetza "zerbitzu publikoen adibide" eta Eusko Jaurlaritzaren "lehentasuna" dela nabarmendu du. Hori dela eta, osasun publikora bideratutako inbertsioa % 5,4 handituko dutela aurreratu du. "Hala ere, batzuek murrizketak egin ditugula esaten jarraituko dute", deitoratu du, Zumarragako Ospitalera egindako bisita batean.
Hain zuzen ere, erresonantzia magnetikoak egiteko ekipamendu berria bisitatu du Urkulluk, Jon Darpon Osasun sailburuarekin eta Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendari nagusiarekin batera.
800.000 euroko inbertsioa egin dute ekipamendu horretan, eta 100.000 pertsonari emango die zerbitzu.
Lehendakariaren esanetan, Jaurlaritzak "kalitateko osasun zerbitzuaren alde" egingo du, eta eskertu egin du Osakidetzako profesionalen "konpromisoa".
Horren ildotik, ekipamendu berria "osasun zerbitzu publikoa modernizatzeko pausoa" izan dela adierazi du Urkulluk, eta Aurrekontuetako hiru eurotik bat Osakidetzara bideratzen dutela gogorarazi du.
"Aitortu egiten dugu zailtasunak daudela, eta ez dugu hori ezkutatzen; lan harreman egonkorren esparru bat proposatu dugu, eta errealismoa behar da, hori baita funtsezkoa den zerbitzu publiko honen iraunkortasuna bermatzeko bide bakarra", ohartarazi du, sindikatuei zeharka zuzenduta.
Bestalde, Osasun sailburuak kritikatu egin du atzo Osakidetzako langileek egindako greba, eta "eskubideak aldarrikatzeko modu hobeak" daudela esan du.