Gizartea -
Espainiako Estatuko balantzea
SOS Arrazakeriak salatu du bazterkeriak gora egin duela erakundeetan
Nazionalitatea lortzeko izapideetan, segurtasun indarren ekintzetan edo osasun zerbitzua jasotzeko eskubidean atzeman dituzte arrazakeria kasu gehienak.
Erredakzioa
SOS Arrazakeria elkarteak salatu du gora egiten jarraitzen dutela jarrera arrazistek zenbait erakunde publikotan, Nazionalitatea lortzeko izapideei, segurtasun indarren ekintzei edo osasun zerbitzua jasotzeko eskubideei dagokienez, besteak beste.
SOS Arrazakeriak 397 salaketa jaso zituen arrazakeriagatik 2013an, aurreko urtean baino 17 gehiago, Espainiako Estatuko datuen inguruko txostenean agertzen denez.
Mikel Mazkiaran elkartearen idazkariak prentsaurreko batean adierazi duenez, Espainiako Gobernuak ez du horrenbeste zentratu behar hegoaldeko mugan, Melillako hesian, migrazioaren kontrolean, eta immigrazioan jarri behar du indarra.
Horren harira, immigrazio politikan aldaketa bat egiteko une "ezinhobea" dela adierazi dio Espainiako Gobernuari, migrazio fluxuak behera egin duelako, eta horrela, Europako beste herrialde batzuetan gertatu dena Espainiako Estatuan ez gertatzeko, alderdi ultraeskuindarrei erreferentzia eginez.
Salaketa kopuru handiena "arrazakeria instituzionalagatik" izan omen da, 93, eta "funtsik gabeko" arrazoiengatik nazionalitatea ukatzen zaien herritarrei eragiten die.
Estatuko segurtasun indarrekin lotutakoak dira ondoren ugarienak, 83, eta irainekin eta atxiloketa "arbitrarioekin" lotutakoak dira.
Bestalde, zerbitzu publikoak jasotzeko eskubidearen urraketak dira hirugarrenak zerrenda horretan, eta osasun zerbitzuekin, erroldarekin edo etxebizitza publikoekin dute zerikusia.
Salaketa gehienak Saharatik hegoaldera dauden herrialdeetako, Magrebeko edo Hegoamerikako herritarrek jartzen dituzte.