Gizartea -
Iragarpena
Abisu horia elurragatik eta hotzagatik astebururako
Elurragatik jarriko duten abisuak larunbat osoa eta igande eguerdira arte iraungo du, eta kota 600 metroraino jaitsiko da.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren Meteorologia eta Larrialdien Arretarako Zuzendaritzak abisu horia jarri du astebururako 600 metrotik gora elurra egingo duelako eta barnealdean izozteak izango direlako.
Elurragatik jarriko duten abisuak larunbat osoa eta igande eguerdira arte iraungo du.
Larunbat goizaldean 1.000 metro inguruan kokatuko da elur kota, baina eguerdirako 800 metrora jaitsiko da, eta 600 metrora iluntzean. 2-20 zentimetro elur pilatuko da 1.000 metrotik gora, eta 3 zentimetro inguru 600 metroko altueran.
Igande goizaldean 600-800 metro inguruan kokatuko da elur kota, eguerdirako 1.000 metroak pasako ditu, eta arratsaldean 1.500 metrotik gora geratuko da.
Larunbatean euri txikia egingo du, eguerdira arte eta Kantauri isurialdean bereziki, eta ordutik aurrera atertzera joko du.
Igandean ere euri gutxi egingo du Kantauri isurialdean, goizaldean batez ere, eta Bizkaian egingo du gehien.
Izozteengatik jarritako abisu horiari dagokionez, larunbatean 21:00etatik aurrera egongo da indarrean, barnealdean, eta igandeko bederatziak arte iraungo du.