Gizartea -
Canal 24 Horaseko zuzendaria
TVEko Albistegien Kontseiluak Sergio Martin kargutik kentzea eskatu du
Bestalde, Albistegien Kontseiluko jarrera “deitoratzen” duela esan du TVEko Informazio Zerbitzuen zuzendaritzak. Martinen lanari “erabateko babesa” eman dio zuzendaritzak, “apartekoa” izan delako.
Erredakzioa
Sergio Martin Canal 24 Horas kateko zuzendaria “berehala” kargutik kentzea eskatu du TVEko Albistegien Kontseiluak. Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiari egindako elkarrizketan TVEko albistegien “independentzia” eta “sinesgarritasuna zalantzan” jarri zituela uste du Kontseiluak.
"Iraganean, Pablo Iglesias ETAko presoen kaleratzeak defendatzen ikusi dugu. Aste honetan, beraz, zorioneko egongo zara". Kazetariaren hitzok piztu dute polemika. Sare sozialetan kritika zaparrada jasotzeaz gain, RTVEko sindikatu nagusien eta Erredakzio Kontseiluaren erantzuna etorri da.
Alejandro Caballero RTVEko Erredakzio Kontseiluko presidenteak esan duenez, elkarrizketatuaren aurkako "eraso zuzena" izan zen. "Onartezintzat" jo du Martinen jokamoldea. "Elkarrizketatuari eraso egin zion zuzenean. Gure estatutuen, estilo liburuaren eta deontologia kodearen aurka doa", adierazi du.
UGT eta CCOO sindikatuek Martin kargutik berehala kentzeko eskatu dute.
Iragan ostiralean egindako galderak “Estatuko Irrati eta Telebistaren Informazio Estatutua eta CRTVEko Estilo Liburua urratzen” dituela azaldu du Kontseiluak agiri batean.
TVEko Informazio Zerbitzuen zuzendaritzak Martini babesa eman dio
Bestalde, Albistegien Kontseiluko jarrera “deitoratzen” duela esan du TVEko Informazio Zerbitzuen zuzendaritzak; izan ere, Sergio Martin “etxeko profesionala babestu” beharrean, “berehala ordezkaritzarik ez duen alderdi politiko baten alboan jarri delako”.
TVEko Albistegien Kontseiluaren hitzetan, kazetariek buruzagi politikoen kontraesanak agerian utzi “behar” dituzte eta horretarako “eskubidea” dute.
Zentzu horretan, Podemosek espetxe politikaren inguruan duen jarrera ezagutzea “egokia” dela azpimarratu du Kontseiluak, baina “adierazpen maltzurrik egiterik ez dago”.
Martin “jazarpen kanpaina oldarkor” baten biktima izan dela salatu du TVEko Albistegi Zerbitzuen zuzendaritzak. Gainera, sare sozialetako kanpaina “Pablo Iglesiasek zuzentzen duen alderdiak antolatu” duela ziurtatu du.
Horrela, Martinen lanari “erabateko babesa” eman dio zuzendaritzak, “apartekoa” izan delako.