Gizartea -
Polemika
Eduki 'sexista' duten hiru liburu argitaratzeari utziko dio Susaetak
“Amamek edo amek euren alabentzat erosten dituzte printzesen ipuin-liburuak, ez euren semeentzat", editorialaren esanetan.
I.G. / EITB.EUS
‘Neskentzako sukaldaritza erraza’, ‘Mutilentzako ipuinak’ eta ‘Neskentzako ipuinak’ liburuak argitaratzeari utziko dio Susaeta argitaletxeak, hainbat erabiltzaileren kexak jaso ondoren. Liburu horiek aurkezteko modua eta edukia “sexista” dela helarazi diote hainbat irakurlek argitaletxeari.
eitb.eus-ek orain lau urte argitaratutako liburuei buruzko albistea egin zuen iragan ostiralean. Ondoren, erabiltzaileek euren kexuak bidali zituzten, eta argitaletxeak dagoeneko erantzun egin die.
Erantzunean, eitb.eus-ek jakin ahal izan duenez, ipuin sorta mota horiek bai Espainian bai atzerriko merkatuetan “oso ohikoak” direla esan die Susaetak.
“Europako argitaletxe nagusien web orrian sartuta (Hachette, Random House, Dorling Kindersley, Penguin…) edota Paris, Londres eta New Yorkeko liburu-dendetara joanda, antzeko liburuak daudela ikusiko duzu. Harrituta gaude Euskadin piztu den erantzunarekin, batez ere liburu horiek orain dela lau urte argitaratu genituelako”, esan du argitaletxeak.
Xedea liburu bakar batean printzesen inguruko ipuinak biltzea zela gaineratu dute. “Amamek edo amek euren alabentzat erosten dituzte printzesen ipuin-liburuak, ez euren semeentzat; ez dut uste horretan sexismoa edota bazterkeriarik dagoenik”, gaineratu du.
Pelikulak, jostailuak edota jantziak erostean ere gauza bera gertatzen dela argudiatu du Susaetak. “Normalean, arrosa koloreko printzesa mozorroa ez da mutiko batentzat izaten. Ez dugu inor baztertzeko asmorik izan”.
Hala ere, “eta arazoak saihesteko helburuarekin”, Susaetak liburu horiek argitaratzeari utziko dio, “behin edizioak agortzen direnean”.