Gizartea -
Gertakaria
Gazte bat bahitu eta jipoitu dute Arrasaten
Hiru lagun atxilotu dituzte gazte hori bahitu eta bi orduz mendira eraman eta jipoitzea leporatuta.
Erredakzioa
Hiru lagun atxilotu dituzte Arrasaten (Gipuzkoa) gazte bat bahitzea eta jipoitzea leporatuta, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Bitan egin omen zioten eraso gazteari, lehenengoa azaroan, eta azkena hilabete honetan. Azken horretan biktimak ihes egitea lortu omen zuen, kalean jendeak ikusi zuelako.
Gazteak gertakariak salatu eta Ertzaintzak 21, 24 eta 25 urteko hiru gazte atxilotu ditu, bahitzaileak direlakoan, eta legez kanpoko atxiloketa, eta lesioak eta mehatxuak egitea inputatu diete.
Poliziaren arabera, atxilotuek gaueko hamaiketan harrapatu zuten biktima, ibilgailu batean sartu zuten indarrez, eta basora eraman zuten. Han, jipoitu egin zuten, eta bi ordura berriro utzi zuten Arrasaten.
Egun batzuetara, abendu hasieran, bigarrenez egin zioten eraso biktimari, aldi hartan Bergaran. Atxilotuek labana handi batekin egin zioten mehatxu kalean, autoan sar zedin, baina jende gehiago zegoenez, ihes egitea lortu zuen.
Atxilotuek Bergarako epailearen aurrean deklaratu beharko dute orain.