Gizartea -
Ebola
Berrogeialdia igarota, senda-agiria eman diote kooperante nafarrari
Malitik Espainiara ekarritako Mugarik gabeko Medikuen profesionalak ez du gaitzaren sintomarik izan ospitalean eman dituen 21 egunetan.
Erredakzioa
Ebola gaitzak jota egon zitekeelakoan, Malitik Espainiara ekarritako Mugarik gabeko Medikuen kooperante nafarrari senda-agiria eman diote ostegun honetan, berrogeialdia igaro eta gero.
Ospitalean eman dituen 21 egunetan ez du gaixotasunaren sintomarik izan eta arriskutik kanpo dago, Osasun Ministerioak ohar batean jakinarazi duenez.
Malin ebolaz kutsatutako gaixo bat artatzen ari zela material biologikoarekin istripua izan zuen osasun langileak azaroaren 20an eta, arriskua dela eta, espainiaratzea erabaki zuten.
Ordudanik La Paz-Carlos III Madrilgo ospitalean izan dute, sintomarik izatekotan, modu egokian artatu ahal izateko eta kutsatzea saihesteko.
Hiru aste hauetan, baina, ez du gaitzaren sintomarik izan eta, hortaz, arriskutik kanpo dago, Osasun Ministerioaren arabera.
Gaur egun Espainiako Estatuan ez dago ebola izan dezakeen gaixorik. Osasunaren Mundu Erakundeak "ebolarik gabeko herrialdea" jo zuen Espainia abenduaren 2an.