Gizartea -

Enplegua

Gazteentzako bermea autonomia erkidegoek kudeatzea eskatu du Aburtok

Gazte bermea gazteen langabeziaren kontra borrokatzeko ekimena da, eta Europako Enplegu ministroek Bruselan egingo duten bileran gaia jorratuko dute.

Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politikako sailburua. Artxiboko irudia: EiTB
Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politikako sailburua. Artxiboko irudia: EiTB
Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politikako sailburua. Artxiboko irudia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak Gazteen Bermea autonomia erkidegoek kudeatzea defendatu du gaur Bruselan. Gazte Bermea gazteen langabeziaren kontra borrokatzeko ekimena da.

"Enplegu politika aktiboen garrantzia nabarmendu nahi dugu, eskumen horren transferentzia eginda dago eta, beraz, Gazte Bermearekin zerikusia duen guztia autonomia erkidegoek kudeatu beharko lukete", adierazi du Aburtok Bruselan, Europar Batasuneko Enplegu ministroen Kontseiluaren atarian. Aburtok autonomia erkidegoen ordezkari gisa parte hartuko du Kontseiluan.

Sailburuak azaldu duenez, bileran gazteen enplegua izango dute hizpide nagusi eta, zehatz-mehatz esanda, Gazte Bermea; Fatima Bañez Espainiako Enplegu ministroak jorratuko duena.

"Gure autonomia erkidegotik adina 30 urtera igotzea eskatzen dugu (...), gure kasuan, arraila 24 eta 30 urte bitartekoen artean dagoelako", adierazi du.

Gazte bermearen arabera, 25 urtetik beherako gazte guztiek lan eskaintza zehatz eta kalitatezkoa jaso behar dute ikasketak amaitu eta lau hilabetera edo langabezian egon eta lau hilabetera.

Aburtok Europako Enplegu ministroen aurrean hitz egingo du eta bere hitzaldian Eures sareari buruz arituko da, Europar Batasuneko enplegu zerbitzuek osatzen dutena eta Lanbide parte dena. Ministroen Kontseilua Eures sarearen eraginkortasuna eta Europar Batasuneko estatuen arteko lankidetza hobetzeko akordio batera heltzen ahaleginduko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea