Gizartea -

Jaurlaritzaren txostena

Bikoitza kobratu beharko lukete EAEko gazteek etxe bat erosteko

Egun, bakarka emantzipatzea “ezinezko lana” dela eta bikotean edo lagunekin etxea partekatzea irtenbideak direla adierazi dute Jaurlaritzatik.

30 urtera arte gurasoen etxean bizi dira euskal gazteak

1:40

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxebizitzen prezioa eta alokairua erdira merkatu beharko lirateke euskal gazteek gurasoen etxetik atera ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol zuzendariak aditzera eman duenez.

‘Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin 2007-2013’ ikerketa aurkeztu du gaur goizean Jon Redondok. Ikerketak 10 adierazle aurkezten ditu. Adierazle horiek 18 eta 34 urte bitarteko gazte soldatadunei euren kabuz etxebizitza libre bat jabetzan zein alokairuan eskuratzeak lekarkiekeen kostua islatzen dute.

Egun, bakarka emantzipatzea “ezinezko lana” dela eta bikotean edo lagunekin etxea partekatzea irtenbideak direla adierazi dute Jaurlaritzatik.

Ikerketak ondorioztatzen du etxebizitza librea eskuratzeak, jabetzan zein alokairuan, hileko soldata garbiaren % 40 baino gehiagoko kostua dakarkiola soldata duen gazte bati Euskadin, eta horregatik euren kabuz emantzipatzen direnek gehiegizko ahalegin ekonomikoa jasan behar dutela.

Gazteen euskal behatokiak koordinatutako ikerketaren arabera, 18 eta 34 urte bitarteko gazteek, Euskadin, soldataren %63 erabili beharko lukete etxebizitza erosi eta hipotekaren lehen kuota ordaintzeko.

Alokairu errenta ordaintzera, berriz, soldataren %59a bideratu beharko lukete. Jaurlaritzaren aburuz, erdira jaitsi beharko lukete jabetza eta alokairu kostuek, gazteek gastuari aurre egin ahal izateko.

Gazteen %45ak emantzipatu nahi du baina ezin du. Aukera bakarra, bikote edo ta lagunekin emantzipatzea. Jon Redondok berretsi duenez.

Emakumeek eta 25 urtetik beherakoek dituzte etxetik alde egiteko zailtasun gehien, soldatak ere txikiagoak dituztelako.

Lurraldeka, ezberdintasunak daude etxebizitzen prezioan. Garestienak Gipuzkoan daude eta merkeenak, berriz, Araban. Egoera honen aurrean, Jaurlaritzak, alokairuaren aldeko apustua egingo du. Etorkizunera begira ez du baztertzen, emantzipaziorako diru laguntzak ematea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea