Gizartea -

Gasteizen

5 urteko zigorra, toxikomanoen zentroko langile bati eraso egiteagatik

Espetxeaz gain, 5.286 euroko isuna ordaindu beharko dio gazteak biktimari, eragindako kalte psikologiko eta lesioengatik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bost urteko espetxe-zigorra ezarri dio Arabako Auzitegiak toxikomanoak tratatzeko zentro bateko langile bati labankadaz eraso egitea egotzita. Erasoaren aurretik, gaztea Gasteizko zentro horretan artatu zuten.

Espetxe-zigorraz gain, 5.286 euroko isuna ordaindu beharko dio gazteak biktimari, eragindako kalte psikologiko eta lesioengatik. Bestalde, datozen sei urteetan, debekatuta izango du biktimarekin harremana izatea eta harengana gerturatzea.

Hilketa-saiakera leporatu diote gazteari, baina horren droga-mendekotasuna eta kaltea ordaindu izana aringarri moduan onartu ditu epaileak. Gazteak 2.500 euroko isuna ordaindu zuen bere egunean.

Epaiak frogatutzat eman du erasotzailea toxikomanoak tratatzeko Karem zentrora joan zela 2013ko apirilaren 10ean.

Biktima aurretik ezagutzen zuen, zentro horretan tratamenduan egon baitzen. 29 urteko gazteak ganibeta bat eskatu zion biktimari, baina horrek ez zion eman. Orduan, kalera atera eta ibiltariak zirikatu zituen. Zentroko langileak Poliziari hots egin zion eta, une horretan, gazteak alde egin zuen. Hala ere, minutu batzuk geroago, zentrora bueltatu, eta 25 zentimetroko aizto batekin eraso zion langileari, bularrean eta eskuineko hankan. Biktimak aiztoa kentzea lortu zuenean, gazteak ihes egin zuen.

Bi ordu eta erdi geroago atxilotu zuen Ertzaintzak, Gasteizko autobus geltokian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea