Gizartea -
EAE
Herritarrek legez exijitu ahal izango dituzte zerbitzu sozialak
Gizarte Zerbitzuen eta Laguntzen Kartera onartu dute gaur. Euskal administrazioek 1.101 milioi euro bideratu beharko dituzte 2017rako Kartera berria garatzeko.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak, Eudelek eta Foru Aldundiek Gizarte Zerbitzuen eta Laguntzen Kartera berria onartu dute gaur. Zerbitzu eta laguntzak eskubide subjektibo izatera pasatzen dira, eta herritarrek legez exijitu ahal izango dituzte, egoera ekonomikoak baldintzatu gabe. Horixe da berritasun nagusia. 2008ko legean jasotako zerbitzu eta laguntzak zehaztu dira kartera berrian, baina zerbitzu berriak ere badaude.
Lehen mailako arreta zerbitzuak, bigarren mailako arreta zerbitzuak eta izaera ezberdineko diru-laguntzak zehaztu dituzte. Lurralde bakoitzaren errealitatea aintzat hartuz, zerbitzuak parekatzea da helburua. Horretarako, 2017rako hainbat berrikuntza egingo dira. Hiru ataletan banatu dute plan berria: Zerbitzu Sozialen eta Laguntzen Kartera, Zerbitzu Sozialen Mapa eta Memoria Ekonomikoa.
Zerbitzuen Kartera
Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta udalek dagoeneko eskaintzen dituzten zerbitzuak daude jasota Kartera berrian, baina berrikuntza batzuk ere bai. Besteak beste, legea indarrean sartzen denean, laguntza sozialak eskubide izatera pasatuko dira. Hau da, herritarrek legez exijitu ahal izango dituzte laguntza horiek, eta ez dira unean uneko aurrekontuen arabera emango.
EAEko zerbitzu sozialak bateratzeko prozesu bat ere jarri nahi da martxan, eta horretarako eman beharreko urratsak adostu dira.
Zerbitzuen mapa
Lurralde bakoitzaren egungo egoera jaso da; egun eskaintzen dituzten zerbitzuak, lurralde bakoitzaren planifikazioa eta aurrera begirako aukerak.
Ezberdintasun handiak atzeman dituzte lurralde batetik bestera, eskaintzen diren zerbitzu sozialei dagokienean; oreka bat beharrezkoa dela iritzi diote eta hori lortzeko plana zehaztu dute.
2017rako egindako aurreikuspenean, adinekoen egoitzatan 965 plaza gehiago sortzea jaso dute, urritasun fisikoa edo psikikoa duten pertsonentzako egoitzetan 514 plaza gehiago, adinekoentzako eguneko egoitzetan 359 plaza gehiago eta bazterkeria egoeran dauden pertsonentzako zentroetan 134 gehiago.
Memoria Ekonomikoa
Euskal administrazioek 1.101 milioi euro bideratu beharko dituzte 2017rako kartera berria garatzeko, 2011n bideratutakoa baino 142 milioi gehiago. Finantzen Euskal Kontseiluak ere 10 milioi euroko funts berezi bat sortuko du 2016rako.
Erabiltzaile bakoitzak gizarte zerbitzuen erabileragatik ordaindu beharreko dirua ere, koordainketa, zehaztuta gelditzen da dekretuan. Hori bai, adingabeek, bazterkeria egoeran dauden pertsonek edota tratu txarren biktimek ez dute zerbitzurik ordaindu beharko.