Gizartea -
Ezbeharra
Gizon baten gorpua erreskatatu dute Arratia ibaian
Oraingoz, ez dute hildakoa identifikatu eta Ertzaintza heriotzaren zergatiak aztertzen ari da.
Erredakzioa
Ertzaintzak eta suhiltzaileek gizonezko baten gorpua erreskatatu dute Arratia ibaian, Igorren. Arratsaldeko laurak eta laurden aldera Areatza parean ikusi dute, baina uraren indarrak, ordea, Igorre pareraino eraman du.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak berri eman duenez, arratsaldeko laurak eta laurden aldera eman du abisua pertsona batek, Areatza parean gorpu bat ikusi duela eta, uraren indarraren eraginez, erritmo bizian mugitzen ari zela esanez.
Behin tokira heldutakoan, larrialdi zerbitzuetako langileek Igorren aurkitu dute gorpua, iristeko zaila zen ibaiaren ertz batean harrapatuta.
Erreskate zaila izan dela adierazi dute Segurtasun Sailetik, ikusgaitasun eskasa tarteko. Azkenean, baina, 18:30ak aldera, gizona erreskatatzea lortu dute.
Oraingoz, ez dute hildakoaren inguruko berririk zabaldu.