Gizartea -
Neurri berria
Edertasun-lehiaketak debekatu dituzte Argentinako herri batean
Chivilcoyko Eztabaida Batzordeak onartu duen ordenantzaren arabera, "perfekzioa bilatzeko ideiaren obsesioa bultzatzen dute lehiaketa horiek".
Erredakzioa
Buenos Aires probintziako Chivilcoy herrian edertasun-lehiaketak debekatu dituzte. Diotenez, “lehiaketa horiek emakumea diskriminatzen dute eta genero indarkeria bultzatzen dute”. Gobernuaren erakunde baten babesa izan du neurri berriak.
Chivilcoyko Eztabaida Batzordeak onartu duen ordenantzaren arabera “edertasuna ez da gauza objektiboa, eta beraz, hori neurtzeak egoera diskriminatzailea eta bortitza sortzeko oinarriak eragin lezake”.
Hainbat erakunde eta elkartek bat egin dute testuarekin, besteak beste, Argentinako Justizia eta Giza Eskubideen Ministerioaren baitan dagoen erakunde batek, ‘Clarin’ egunkariaren arabera.
Testuak dionez, “Missen lehiaketek emakumeak estereotipoetan oinarritutako itxura fisikoarengatik baloratu eta saritu behar direnaren ideia zabaltzen dute”. “Inoiz lortzen ez den perfekzioa bilatzeko ideiaren obsesioa bultzatzen dute lehiaketa horiek, eta horrek elikaduran arazoak eragin litzake”, dio.
Mariano Anton Argentinako Inadi elkarteko ordezkariak eskoletan edertasun-lehiaketak bertan behera uztea proposatu zuen joan den hilean.