Gizartea -
Gertakaria
82 urteko gizon bat hil da sute baten ondorioz Gasteizen
Gainera, udaltzain eta ertzain bat zauritu dira eta artatu behar izan dituzte. Biek kea arnastu dute erreskate lanetan. Sutea Los Herran kaleko etxebizitza batean gertatu da.
Erredakzioa
82 urteko gizon bat hil da gauean, sute batean, Gasteizen. Gainera, ertzain eta udaltzain bat artatu behar izan dituzte. Biek kea arnastu dute.
Ertzaintzak eta udaltzaingoak jakitera eman dutenez, bizilagun batek abisua eman du 22:20 aldera. Los Herran kaleko 8. zenbakiko laugarren solairuan sugarrak ikusi ditu leihotik ateratzen.
Udaltzainak eta suhiltzaileak bertaratu dira eta eskaileratik etxebizitzara heldu dira. Eskailera keaz beterik zegoen.
Etxebizitzara heldu direnean gizona oso larri aurkitu dute. Osasun zerbitzuak zauritua suspertzen saiatu dira, baina ez dute lortu.
Erreskate lanetan udaltzaina eta ertzaina zauritu dira. 82 urteko hildakoa bakarrik bizi zen eta ez dute etxebizitza hustu behar izan; izan ere, suteak ez du gainerako etxeetan eraginik izan, Udaleko iturriek azaldu dutenez.
Ertzaintza eta suhiltzaileak sutearen arrazoiak ikertzen ari dira orain. Jadanik sutea kontrolpean dago.